AUZOZ AUZO: Errekalde auzotik eginiko saioa entzungai

Errekalde auzoaren historia, izaera eta gizarte mugimenduak ezagutu  ditugu #auzozauzo saio berezian. Auzo elkarteko lagunen eskutik abiatu gara. Auzo elkartea duela 50 urte sortu zen, Bilboko zaharrenetakoa da, Joserra Riaño eta Jose Luis Padilla “Padi” gure mikrofonoetara hurbildu dira eta auzoaren inguruko hainbat jakingarri eman dizkigute. Auzo populatua, bizia eta gaztea da Errekalde, jatorri anitzeko biztanle ugari dituena. Padi bezalako “euskaldun berriak” jada, besterik gabe, “euskaldun” diren moduan, behialako “Errekaldeberri” zena dagoeneko “Errekalde” dugu aspaldi honetan. “Autopista kanpora” ekimenaren inguruan mugimendu handia dago azken urteotan, biaduktuek, segurtasun arriskuez eta eragin urbanistikoaz gain, “duintasuna kentzen diotelako” auzoari, auzo elkarteko lagunen esanetan.

Gaztelekuko Laura eta Zurine hurbildu zaizkigu etorri dira. Duela 37 urte sortutako elkartea da, garai batean gazteei begira soilik, egun adin guztiei irekirik. Nagusiei eta familiei begira auzoan hainbat proiektu sustatzen dituzte.  Elkartean 80-100 boluntario dabiltza jarduera ildo anitzetan: gizarte eta kultura animazioa, sustapena, parte-hartze eta komunitatearen garapena… Bi lokal dituzte auzoan eta gazteleku.org webgunean informazio gehiago aurki dezakegu elkarteaz.

Zohardia elkarteko Zuriñe eta Edurne izan ditugu gurekin. Duela 25 urte inguru sortua, aisialdian euskara sustatzeko asmo nagusiarekin, aisialdi eta kirolaren bidez. Mendi taldea sortu zuten, egurra eta larrua lantzeko… Errekaldeko jaietan presentzia izaten dute beti, eta Ganekogorta bokata ospetsua egiten dute txosnan.

Zuriñe eta Edurneren esanetan, urte hauetako aldaketak gorabehera, arazo nagusiak ez dira aldatu, instituzioen aldetik “bigarren mailako auzo” moduan kontsideratuta dagoelako. Aldarrikapen ugari daude auzoan, autopistarenaz gain, garraiobide egokiak, azpiegiturak… “Hemen semaforoak lortzeko jendeak kalera atera behar izan zuen, anbulatorioa, liburutegia eta beste azpiegitura batzuk bezala”, gogoratu digu Edurnek. Aldarrikapena beharrezkoa izan dute beti instituzioek kasu egiteko. Plazan, kalean, euskara gutxi entzuten da oraingoz, azken urteotan hobekuntza sumatzen den arren.

Errekaldeko Zutitzen emakume elkarteko Zurine hurbildu da gure karpara, taldeko beste emakume batzuekin batera. Berak azaldu digunez, 2013an sortutako elkartea da Zutitzen, berri xamarra da beraz, indarkeria matxistari aurre egiteko helburuarekin. Jaietan ekintza asko egin dituzte bortizkeria hori salatzeko eta protokoloa ezarri dute txosnetan, horrelako erasoak gertatuz gero.

Bestalde, auzoan, emakumeen rolaren ikusgarritasuna bultzatu nahi dute, auzoaren historian garrantzia izan duten emakume batzuen izenak nabarmenduz, Filomena Valdezate eta Begoña Linaza, adibidez. Txosnarik ez dute ezarri, baina jaietan ere, gizon eta emakumeen artean berdintasuneranzko dinamikak bultzatzen dituzte, joera sexistak zein aje matxistak identifikatuz eta ahalduntze pedagogiak eginez.

Ainhoa eta Maite ezagutu ditugu ondoren, hurrenez hurren, 150 ume eta 43 gazte dituzten eskaut taldekoa bata eta Agintza aisialdi taldekoa bestea. Elizbarrutiko antolaketan txertatuta dauden taldek dira eta gizarte balioetan hezi nahi dituzte haurrak. Eskaut taldeak Bizkaiko, estatuko eta Europa mailako sareetan hartzen du parte. Agintzak, berriz, antzeko helburuak ditu, kristautasunetik gizarte kontzientzian heztekoak, baina eskaut taldeak ez bezala, ez dute sare handiago batean parte hartzen.

Larunbatetan batzuek, ostiraletan besteek, astero batu ohi dira, nerabeak eta “nagusiak” auzolandegietan. Boluntario lana da beraiena eta, azaldu digutenez, kidetza ez da mugatzen kristau fedea dutenengana. Erlijio aniztasuna dago auzoan eta errespetuz onartzen dituzte beste fedeetako zein fedegabeak.

Amaitzeko, Jai batzordeko Gurutze eta Iratxe etorri dira gure aterpera. Gaur, San Juan egunez, Errekalde auzoko jaiak ditugu, jai biziak direla ikusten da, gaur, eguraldi txarrari aurre eginez paella lehiaketan parte hartzera hurbildu den lagun mordoa ikusita. Auzoko elkarte gehienak jai batzordean daude eta “etengabeko harremana dago denen artean”, Iratxek azaldu duenez. Jaietan egunero saiatzen dira zerbait egiten, euren txosna gobernatu behar dute gainera, eta jaiak auzokideen arteko elkarlana sustatzeko aukeratzat ikusten dituzte.

Gazte asanbladako kideak falta izan dira gaurkoan, euren esanetan eguerdia “goizegi” zelako, badakizue, ordutegia aldatu zutela atzoko gauarekin. Horregatik, Gurutzek eta Iratxek, Etxarri gaztetxearen hustea salatzeko probestu dute, Kukutzakoarekin gertatutakoaren ondoren. Auzo borrokalari moduan definitzen dute Errekalde jai batzordeko bi ordezkariek, ikuspegi sozialarekin, jai egitarauan mota guztietako auzokideentzako ekitaldiak sartzen saiatzen dira.

 

Saioa osoa hemen entzungai.

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

HIZPIDE: Enpleguaren hazkundea aztergai

al. Eka 26 , 2017
2013 amaieran EAEn enpleguak hondoa jo zuen , afiliazio kopuruari dagokionez. Ordutik, lanean daudenen kopurua dezente handitu da (%6,5). Horiek aztertu ditugu Joseba Barandiaranekin batera. Enpleguren igoera eskualdeka aztertu dugu, izan ere eskualde batzuetan 2013tik enpleguak bera egin du. Toki guztietan berdin ari al da enplegua berrindartzen? bada ez, eta […]

Honekin lotuak