Mozal legea ezarri dio Ertzaintzak Hala Bedi irratiari

Mozal legea aplikatuz, isuna ezarri dio Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Hala Bedi irratiko kazetari bati, iragan maiatzaren 18an Errekaleor auzoko argi mozketaren jarraipena egiten ari zirela, Ertzaintzak kazetariei ezarritako hesia apurtu eta gertatzen ari zena barrutik sakelakoarekin grabatzeagatik. Hala Bedi irratiak iragarri du ez duela isuna ordainduko.

2016ko ekainaren 22an, Eusko Legebiltzarrak mozal legea bezala ezagutzen dena (2015/4 martxoaren 30eko Herritar Segurtasunaren Babeserako Lege Organikoa) ez aplikatzea erabaki bazuen ere, orduz gero milaka aldiz aplikatu dela salatu zuen berriki Eleak mugimenduak. Kasu honetan, 602 euroko isuna ezarri dio Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Hala Bedi irratiko kazetariari.

Gasteizko irratiak, ordea, asanbladan hala erabakita, isuna ez ordaintzea erabaki du: “Lege injustu bat den heinean, hau desobeditzeko legitimitatea daukagula uste dugu. Gauzak horrela, ez dugu isuna ordainduko eta epe ertainean prozesu juridiko bat abiatzeko asmoa dugula iragarri nahi dugu. Herritar guztiok dugu lege injustuak desobeditzeko legitimitatea. Mozal legea, lege horietako bat den heinean, herritarroi orokorrean eta kazetarioi ere erasotzen digu. Mozala jarri nahi diote gure lanari, gure informatzeko eskubideari. Baina ez, gu ez gaude prest horretarako”. Gaineratu dutenez, “herritarrek informazioa jasotzeko duten eskubidea” hobetsiz, “ez zaigu bidezkoa iruditzen Errekaleorrera hurbildu ziren kazetariei auzoan gertatzen ari zena kontatzeko aukera ukatzea”, zabaldutako oharrean diotenez, “Hala Bedi izan zen kordoi poliziala saihestuz (polizia baino lehenago heldu ginelako) gertatzen ari zena bertatik bertara kontatzeko aukera izan zuen komunikabide bakarra. Orduko erasoa eta aplikatutako Mozal Legea, poliziaren gehiegikeriak ezkutatzeko helburuz hartutako neurri bidegabea” dela gaineratu dute.

Hala Bedi irratia mozal legearen aurka azkenaldion Gasteizen izan diren mobilizazioak jarraitzen egon da. Honatx uztailaren 1ean Eusko Legebiltzarraren aurrean egin zen elkarretaratzearen irudiak:

https://www.youtube.com/watch?v=WCW-HeCEVWM

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Arrain fish festibala Itsaskien slow food erako munduko lehiaketa bakarra da

ar. Abu 8 , 2017
Bilboko Konpartsak, Aste Nagusiko programazioko plater indartsuenetariko aurkeztu du gaur goizean Erriberako Merkatuan, Sukaldaritza Txapelketa. Beste behin , arrainak izango du garrantzia Arrain Fish Festibalaren bidez, eta Areatzan, bakailao, tximinoi, marmitako edota umeek egingo diten Euskal txiki masterra izango da protagonista. Beste urte batez Aste Nagusiko “Bilboko Konpartsak Arrain Fish […]

Honekin lotuak