Enekoitz Esnaola kazetariak idatzitako Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua aurkeztu zuen atzo azokan BERRIAk. Elkar argitaletxearekin batera argitaratutako liburu honetan 2011ko Aieteko adierazpenetik Baionan erdigunea izan zuen 2017ko armagabetze egunera arteko kontakizuna osatu du Esnaolak. Egileak aurkezpenean esan duenez “Kontakizuna, errelatoa, hor dago euskal gatazkaren korapiloa”. Bilbo Hiriari azaldu dizkio ondoren Esnaolak lan honen inguruko hainbat kontu.
Liburuan, egilearen esanetan “pelikula egiteko materiala” topatuko dugu, thriller baterako osagaiak jaso baititu Esnaolak bertan: armak Luhusoko baserrira nola iritsi ziren, poliziak nola heldu ziren, Parisen erositako telefonoak, aurrez prestatutako txioak, A plana, atxiloketak eta B plana… Gai delikatua dela onartzen du Esnaolak, hala ere, oraindik instrukzio fasean dagoen auzia delako, eta hainbat lagun auziperatuta daudelako bertan. Horregatik dena kontatu ezin den afera honen inguruko kontaketa osatugabea da, oraindik, Luhuso liburu hau. ETAk, trukean ezer eskatu gabe Parisko gobernuari egindako proposamenak eta berme eskaerak, Frantziaren jarrera aldaketa bakegileen lana ahalbidetuz… Dena ahal bezain xehe kontatu du esnaolak liburuan. Azkar osatu du Esnaolak lan hau, hainbat elkarrizketa eta dokumentazio lan eginda, abuztuan jaso baitzuen liburua osatzeko enkargua.
BERRIA egunkariak, Jakin aldizkariak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean osatutako Aleka bildumaren bosgarren alea dugu Luhuso, ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna, liburu forma duten kazetaritza lanak dira denak, berriki bilduma berean argitaratutako Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak izenekoan bezala.
Deskargatu hemen.