Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako taldeen koordinakundeak antolatzen dute urteroko topaketa gastronomiko auzotarra dugu Munduko Arrozak, eta aurtengoa 16. edizioa izan da. Auzoko kulturak eta aniztasuna plazaratzeko hainbat ekimen egitearekin batera, auzoek jasaten duten giza-bazterketa ere salatzeko jaia dugu. 16.edizioan, arrozaren inguruan 121 talde eta 3.500 pertsona elkartu dira. Jaialdia kulturen arteko elkargunea izatearekin batera, auzoek pairatzen duten giza-bazterkeria salatzeko eguna ere izan da. Mundu osoan jaten den janaria da arroza, unibertsala beraz. Jaki horren prestaketa da lurralde eta kulturak desberdintzen dituena. Hemengoak eta kanpotik etorritakoak elkartzeko asmoz, Arroza erabiltzen da festa honetan, sinbologia handia duelako.
Gure lehenengo gonbidatua ikus entzunen mundutik hurbildu da. Cosiendo Futuros dokumentalaren ekoizlea dugu Ainhoa Urgoitia, Mari Makeda proiektuaren inguruko dokumentala dugu. Dokumentalean argi utzi nahi dute emakume hauek hiru bazterketa sufritzen dituztela, emakumeak, afrikarrak eta pobrezian murgilduta bizi direlako, gizartean bazterturik.
AUA Bilbao Gallery kortes kalean kokatuta dagoen arte galeria dugu, Ane Undurraga da proiektu eta arte galeria honen arduraduna. Artearen munduan berriak diren kolektiboei espazioa eskaini die galeriak. Diziplina desberdinetan erakusten duten berritasuna , diziplinak uztatu eta era transbertsal batean landu dituzte.
Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako taldeen koordinakundeak Antolatzen du Munduko Arrozak. Beratik Marta eta Igel hurbildu zaizkigu, jaiaren nondik norakoak ekarriz. Festa izateaz gain, aldarrikapenerako eguna ere bada Munduko Arrozak, baztertuta eta ahaztuta egon den auzo eta komunitate zabal eta plural baten aldarrikapen eguna.
Mariaren bihotza plazatik Bilbo Zaharreko plazara salto egingo dugu, bertan kokatuta dago Xake Espazioa, 2017an auzoa biziberritzeko eta hauspotzeko sortutako proiektua da. Auzokideek auzoarentzat, eginiko espazioa.
Ongi Etorri errefuxiatuak plataformako Itziar Fernandezek udan zehar burutuko diren ekintzak ekarri dizkigu. Ostegunean Ekainaren 20an Errefuxiatuen nazioarteko egunaren harira ekintza egingo dute Markinan. Uztailean Mugak Zabalduz karabana Andaluziara abiatuko da eta nazioarteko beste talde batzuekin bat egingo du, Granadan. Migratzaileen egoera ezagutzea eta salatzea dute xede. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak duela hiru urte egin zuen lehen aldiz Mugak Zabalduz izeneko karabana, Europako Batasunaren migrazio politikak salatzeko asmoz, 2016ko udan Grezian izan ziren horko kideak; hurrengo urtean, Melillan eta iaz, Italian. Hilabete barru, Espainiako hegoaldeko mugetara itzuliko dira.
Bizkaiko Harrera sarea ezagutzeko aukera izan dugu gaurko saioan. Bizkaiko Harrera Sareak KAIA informazio puntua zabaldu berri du, Luis Iruarrizaga kalearen 9. zenbakian. Leku hau, pertsona migranteak haien eskubideei buruz jakiteko eta instituzioen partetik edo era autogestionatu baten bidez, dauden beste hainbat baliabide jakinarazteko ere erabili daiteke: ostatuak, osasuna, elikadura, asiloa, etab. Informazioa eskaintzeko eta jasotzeko ere balioko du KAIAk, gurera datozen migratzaileek behar dituzten baliabideak aztertzeko, azken finean. Pasa den udan, sare honek, 10.000 pertsonaren ardura eduki zuen, gaua eta afariak emateko, instituzioen baliabideen faltan. Bide batez Javi Secok gogora ekarri digu kalean bizi diren pertsonen kopurua igo dela 2015. urtetik gaur egun arte. Momentu honetan 300 pertsona daude kale egoeran. Orain, neguko aterpetxea itxi denez 90 pertsona gehiago. Honez gain, CEAR-ek Oñatin daukan asilo egoitza beteta dago.
Saioa jai giroan bukatu dugu, Algara konpartsako lagunak batu zaizkigu eta arrozaren sekretuak ekarri dizkigute.
Saio osoa hemen entzungai:
Saioa deskargatzeko klikatu hemen.