“Bilboko Irria” irrati maratoia entzungai

Bilboko Irria ekimenaren barruan hamar orduko zuzeneko emankizuna egin genuen ostegunean Sendejako tingladuetatik. 97 irratia eta Irola irratiarekin elkarlanean. Egun osoan zehar hainbat gai eta gonbidatu izan ziren gurekin batera. Bilboko Irria ekimena bera aurkezten abiatu genuen saioa, Gisela eta Aritzek partaide ginen irratiak aurkeztu eta Bilboko Konpartsetako Janirerekin berba egin zuten.

Aurten ere ez da Aste Nagusirik izan, baina pandemiak atsedenerako, eta, aldi berean, hausnarketarako eta aurrera begirakoak finkatzeko balio izan du. Bilboko Konpartsek horretan jardun dute urtean zehar eta egun hauetarako Bilboko Irria egitasmo kulturala antolatu dute. Asteazkenean abiatu zen lau eginetako ekitaldi kulturalak kalejira batekin.

Hala ere, debeku eta murrizketa askorekin jaio da Bilboko Irria, izan ere, azken momentuan udalak hainbat traba jarri eta ekitaldi ugari debekatu ditu, beraz konpartsen federazioak araututakoak bakarrik egitea erabaki du, tartean irrati maratoi hau.

Bilbo Hiriakook Irolakoen lekukoa hartu eta, hasteko, ekonomia gaiak izan genituen mintzagai Endika Alabort Amundarain ekonomilariarekin. Jaiek herri mugimenduetan duten inpaktu ekonomikoaz jardun genuen.

Hiriari begira jarri gara, espazio publikoaren erabilera eta funtzioak aztertzeko, eta Ula Iruretagoiena eta Anartz Ormaza arkitektoak izan dira gurekin horretarako. Espazio publikoa nork, nola eta zertarako erabil daiteke? Bizi dugun osasun krisiak salbuespenezko egoera batera eraman gaitu; gure gizartearen indarguneak eta ahuleziak muturrera eraman eta azalera ekarri ditu. Hamaika auzi zeuden mahai gainean krisi honen aurretik ere, baina batzuk areagotu egin dira. Gaurkoan hiriari begira jarri gara, aspaldiko kezka bat berriro ere mahai gainean dugu eta: espazio publikoaren erabilera.

Ondoren, Jabi Ortega, Deustuko Bihotz Alai dantza taldeko kidea izan da gurekin. Osasun egoerak dantza emanaldiei nola eragin dien azaldu digu berak. Mundua gelditu zuen COVID-19aren pandemiak, baita beti dantzan aritzen ziren horiek ere. Dantzarako irrikaz ere dago jendea. Jaietan dantza taldeek plazak dantzaz bete ohi dituzte eta, horren inguruan  berba egin dugu Jabirekin.

Azken tartean, kantuan jarri genituen Maite Sarasola eta Joseba Barandiaran bertsolariak, Gure irratiko #Potto saioaren aurkezle Erlantz Ibargurengoitiaren gidaritzapean.

Saio osoa hemen entzungai:

Saioa deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

PIPERPOLIS: Improtxou inprobisazioan oinarritutako umorezko ikuskizuna da

ar. Abu 31 , 2021
Improtxou inprobisazioan oinarritutako umorezko ikuskizuna da, eta bost aktorek antzezten dute, aldi berean zeremonia maisuak. Mitxel Santamarina, Iñaki Maruri, Leire Orbe Ismael Pereira eta Diego Perez izango dira oraingoan gidariak. Igandean Bilboko Areatzan eskainiko, zer kontatuko duten oraindik ez dakigu, Horregatik antzerkiaren jolasaz berba egiteko Mitxel Santamarina gonbidatu dugu. Inprobisazioan […]

Honekin lotuak