Abenduaren 20an Terry Hall, The Specials zein The Fun Boy Three taldeetako kantaria izandakoa hil zen, 63 urte zituela. The Specials taldearekin egindako grabazioak oroitu nahi izan ditugu batez ere, bere garaiaren taupada errebeldea islatu zutelako. Entzun ditugun kantuak: A Message to You Rudy, Rudy, a Message to You (Dandy Livingston, 1967), Too Much Too Young, Maggie’s Farm, Guns of Navarone eta Ghost Town.
Noel Duggan Irlandako Donegal konterriko Clannad taldearen partaidea ere joan zaigu. Haren omenez, telebistako film baterako egin zuten Harry’s Game entzun dugu.
Robert Gordon, Maryland-eko rockabilly kantaria zendu berri da 75 urterekin. 70eko eta 80ko hamarkadetan arrakasta izan zuen. Entzun dugun Rock Billy Boogie kantuan Link Wray gitarra jolearekin aritu zen.
Urriaren 9an zendutako Brooks Arthur estudioko aztia izan zen. Hainbat grabaziotan aritu zen ekoizle eta antzezle moduan, baita hainbat kantu ospetsutan parte-hartzaile moduan ere. Pare bat aukeratu ditugu guk: Darling Be Home Soon (Lovin’ Spoonful, 1965) eta Brown Eyed Girl (Van Morrison, 1965).
Gary Robert gitarra jole irlandarra eta Broontown Rats-eko partaidea azaroaren 8an hil zen, 72 urte zituela. Dublindar honek sortu zuen taldea, baina gero Bob Geldof bihurtu zen buru. Entzun dugun abestia: I Don’t Like Mondays.
Nik Turner saxo jole eta Hawkind taldearen partaide ospetsua azaroaren 10ean zendu zen, 82 urterekin. Oxforden jaiotako hippie hutsa izan zen, baita musikari bikaina ere. Mila kontutan ibilitako Hawkind taldearekin (Lemmy Kilmister ere partaide zela) grabatu zituen kantu pare bat entzun ditugu: Urban Guerilla (1972) eta Silver Machine (1973).
Gaur ere Shemekia Copeland blues kantariaren Done Come Too Far bere azkeneko lanetik pare bat kantu entzun ditugu: Pink, Turn To Red eta Nobody but You.
Urtearen amaierak Hertzainak taldearen bi kontzertu erraldoi ekarri dizkigu BECera. Oraindik azkenekoa falta da, Gasteizen urtarrilaren 6an egitekoa. Hauetan Txanpi ere egon da, Josu eta Garirekin batera. Sigarrillos Amariyos abestia entzun dugu, bertan, Kafe Antzokian, 2019ko irailaren 17an eman zuten kontzertutik.
202an Hesian taldea desagertu zen. Fran Uriasek Zelanda izeneko taldea sortu du, power-pop kantuekin jarraitzeko. Taldearen Non geratu dira entzun dugu.
“Entre fusco e lusco” galizieraz erabiltzen da argi pittin bat dagoen momentua izendatzeko, bai goizean, bai iluntzean. Berrogüeto taldeak grabatu zuen Fusco kantua 1999an Donostiako Elkar estudioan. Abestia Quico Comesaña arpa jolearena da.
Tony Joe White Louisianako kantari-kantuegile handia 2018an hil zen, 75 urterekin. Bere lana swamp rock izeneko esparruan kokatu da beti, country musikatik gertu. 2001ean bakarlari moduan The Beginning izeneko maisulana grabatu zuen, diskoak grabatzen 32 urte zeramatzanean. Aurten, New West diskoetxeak berrargitaratu du lan hura eta guk bertatik kantu batzuk aukeratu ditugu entzuteko:Rich Woman’s Blues, Going Back to Bed, Raining on My Life eta Who You Gonna Hoodoo Now.
Punkalorro taldea Villenakoa (Valentzia) da. Flamenkoa jotzen dute, eta batzuetan punk abestien bertsioak egiten dituzte, rumba erritmoetara ekarrita. Hala, Extremoduro, La Polla eta Eskorbuto taldeen bertsioak egin dituzte, baita, berriki, gaur entzun dugun Vulpess taldearen Me gusta ser una zorra abestiarena ere.
Deskargatu hemen.