Denok jakina da ingurumenak eragin handia duela gizakion bizitzako alderdi askotan. Baita osasunean ere, noski. Dena den, berrikitan jakin dugunez, eragin hori oraindik amaren sabelean dagoen haurrarenganaino irits daiteke, eta haren hazkundea aldarazi. Aitana Lertxundi EHUko Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa saileko ikertzailea dugu, eta orain INMA proiektuaren barruan ingurumenak haurraren osasunean izan dezakeen eragina aztertzen diharduenez, berarekin elkartu gara Zientzialari saio honetan, gai horri buruz zerbait gehiago jakin nahian.
Deskargatu hemen.
Gironako Unibertsitatean Ingurumen Zientzietan lizentziatua eta Ingurumen Epidemiologian doktorea da Aitana Lertxundi. 2009az geroztik, Bioestatistika eta Epidemologia eskolak ematen ditu Medikuntza Fakultatean, eta bai EHUko Osasun Publikoko Masterrean ere. Gaur egun irakasle agregatua da, eta EHUko Ingurumen Epidemiologiako eta Haurren Neuropsikologiako ikerketa taldeko ikertzaile nagusia. Argazkia: Quang Nguyen Vinh (domeinu publikokoa).