Yoseba Peñak 2012an Hodeien adorea eleberria argitaratu zuen Susa argitaletxean. Iaz 12 urtetik beheragoko irakurle gazteentzat argitaratu zuen Kilimanjaroko diamantea abentura-eleberria. Gaur liburuak sinatzen aurkitu dugu azokan, baina berarekin solasteko arrazoi nagusia idazle euskalduna bilakatu arteko ibilbidea da, zinez interesgarria begitandu zaiguna.
Informatikaria eta antropologoa da Yoseba. Aniztasun horrek ematen digu bere grina eta jakinminei buruzko lehen aztarna. Bere bizitzaz eta euskararekin egindako ibilbideaz mintzatu gara, euskaldun berria izanik euskal literatura sortzailea izatera heldu baita. Sodupeko familia eta giro erdaldunean sortua eta hezia izanik, motibazioaren gasolinak zeresan handia izan du, duela urte batzuk Gabriel Aresti euskaltegian ikasle ibili zen euskal idazle honen euskalduntze prozesuan.