Xabier Lauzurika Uriguen, Apolo, larunbatean joan zitzaigun. Gaur Bilbo Hiria irratian bere inguruko saioa egin dugu, ezin genuen bestela eta ezin genuen besterik egin astelehen mingots honetan.
Hainbat lagunen ekarpenek bere izaera bakana eta kontraesankorra marrazten lagundu digute: gizon itxuraz gogorra eta gertuko lagun xamurra, iritzi-emale zorrotza, zirikatzaile irreberentea, bizizalea, nihilista-hedonista, euskaltzale engaiatua, bertso eta etnografia zalea… Ororen gainetik, lagunen lagun eta etsaien etsai genuen Apolo poliedrikoa.
Horretan lagundu digute Iñaki Barcena eta Xabier Aierdi irakasle eta gure kolaboratzaileek; Irulegiko Irratiko Bernadette Argain esatariak, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Unai Iturriaga bertsolariek; Potojorran bertso-eskolako Ainhoa Markinez, Joseba Barandiaran eta Asier Goñi adiskideek. Mila esker guztiei. Mikrofonoetan Mieltxo Monfort, Isabel Isazelaia, Jabi Zabala eta Xabier Monasterio ibili gara; soinu-teknikari eta musika aukeratzaile Josu Zabala. Esker mila guztiei eta… Gora Apolo!
Zugaz egotian, ni zabal eta lasai! Babestua da hitza!
Zure presentziak berezko babesa sortu dost beti!
Tipo handia tamainoz, bihotzez eta izaeraz.
Ziria eta okasinue sortu nahian ere maitekorra- maitatua.
Buru gogortasunean, kasketan ere… ZORAGARRIA!
Ikasiko dot, denboraren poderioz, albuen egon gabe baitan eramaten. APOLO nirekin izaten.