Datozen asteetan bi familia kaleratuak izateko arriskuan daude Bilbon, inolako alternatibarik eskaini gabe kale gorrian gera daitezkeelarik. Egoera salatzeko eta bi familien etxebizitzak defendatzeko deia egin dute gaur Bilboko auzokideek, ohartaraziz halako egoerak geroz eta ohikoagoak direla eta ezin direla normalizatu. AZET etxebizitza sindikatutik adierazi dutenez, “etxegabetzeak dira kapitalismoak eragiten duen indarkeriaren adierazpen gordinenetako bat”, eta egoera are larriagoa bilakatzen da adingabeak tarteko direnean. Kasu honetan, bederatzi haur daude arriskuan, kalean geratzeko mehatxu zuzenarekin. Lehenengo kasuan, datorren ostiralean, ekainaren 27an, Alde Zaharreko Bidebarrieta kalean bizi diren Rosario, Miguel eta haien seme-alabak etxetik kanporatzen saiatzekoak dira. Familiak hiru urte baino gehiago daramatza Alokabideren jabetzako etxebizitza batean bizitzen, eta orain, instituzio publiko bera da alternatibarik eskaini gabe kaleratzea agindu duena. Bigarren kasuan, Tamara eta bere familiak uztailaren 7rako dute kaleratze data ezarrita. Familia honek urteak daramatza egoera horretan, epaile baten erabakiaren zain. Kasu honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretza-erakunde batek agindu du etxebizitza hustea, inolako irtenbiderik proposatu gabe. Auzo-erakundeek azpimarratu dute gizartean errotutako beste oinarrizko eskubide batzuekin alderatuta, “etxebizitza ukatzea ankerkeria hutsa litzateke”. “Ezingo genuke onartu haur bati osasun edo hezkuntza eskubidea ukatzea, eta hala bada, zergatik onartzen dugu familia bat etxerik gabe uztea norbaitek negozioa egiten jarrai dezan?”, galdetu dute.
Deskargatu hemen.

