SOINUGELA: Elvis Presley Memphisen (1969) eta Nashvillen (1970), Bunny Wailer, CSN eta Y-en “Déjà Vu” grabazioen 50. urtemuga

Elvis Presleyk ahots ikaragarria zuen, baina 60ko hamarkadan grabazioak ez ziren onak eta berak Hollywooden egindako lana ares eskasagoa izan zen. 1969. urtearen hasieran Memphisera bueltatu zen eta Chips Moman-en American Studios-en 36 abesti grabatu zituen bertako musikari paregabeen laguntzarekin. Bi LP argitaratu ziren eta gero lan guztiak CD bikoitz batean kaleratu ziren. Bertatik entzun ditugunak: I’m Movin’ On, In the Ghetto, Hey Jude, Any Day Now, Suspicious Minds, Kentucky Rain, Stranger in my Own Hometown.

1970eko ekainean Nashvillera joan zen grabatzera Elvis eta, RCA estudioetan, musikari ezinbesteko batzuekin (James Burton, David Briggs, Chip Young, Charlie McCoy eta Norbert Putman) hurrengo urteetan hainbat LPtan agertuko ziren 74 abesti grabatu zituen, baina orkestraren musika gehitu eta izorratu zituzten kantuok. Pasa den urtean, jatorrizko grabazioak hartu eta, orkestraren zikinkeriak garbituta, From Elvis in Nashville CD bilduma laukoitza merkaturatu zuten. Bertatik kanto hauek entzun ditugu: Little Cabin on the Hill, Bridge over Troubled Water, When I Am Over You, Funny How Time Slips Away.

Neville O’Riley Livingston jamaikar reggae kantaria iragan martxoaren 2an joan zitzaigun. 1947an jaio zen Kingston hirian eta, musika munduan, Bunny Wailer izan zuen izena. 60ko hamarkadaren hasieran, Peter Tosh eta Bob Marleyrekin, The Wailers taldea sortu zuen. 1967an 14 hilabete egon zen kartzelan, aldean ganja topatu ziotelako. 70eko hamarkadan The Wailers taldeak arrakasta itzela izan zuen mundu osoan, baina Wailer ez zegoen gustura grabazioekin (zurientzako eginak zirela zioen) eta, rastafari sutsua izanik, bakarkako bideari ekin zion. 1976an Blackheart Man grabatu zuen, maisulana, askoren iritziz. Guk, bertatik, kantu batzuk berreskuratu ditugu: Simmer Down (1964), Stir It Up (1972), Blackheart Man (1972), Get Up Stand Up (1973), Fighting against Conviction (1976), Johnny Too Bad (1977), I’m the Toughest (1981), Dreamland (1981), Bright Soul (1984).

David Crosby (Byrds ohia), Graham Nash (Hollies ohia) eta Stephen Stills (Buffalo Springfield ohia), hirukoteari Neil Young gehituta (Buffalo Springfield ohia),  Déjà Vu grabazio ederra egin zuten, nahiz eta baldintzak txarrak izan. Bertatik entzun ditugu: Teach Your Children eta Déjà Vu.

 

 

One thought on “SOINUGELA: Elvis Presley Memphisen (1969) eta Nashvillen (1970), Bunny Wailer, CSN eta Y-en “Déjà Vu” grabazioen 50. urtemuga

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Federico Garcia Lorcaren unibertsoa “La Casa “ ikuskizunean

ol. Mai 7 , 2021
Markel Ganboa duragarrak “La casa” ikuskizuna aurkeztu digu, maiatzean Malagako MAF jaialdian estreinatuko dute. Telebistako realityen egungo tragikomedia dugu, bi ardatz nagusi dituena, batetik Federico Garcia Lorkaren unibertsoa , batez ere “ La casa de Bernarda Alba” eta gaur eguneko reality bat. https://bilbohiria.com/docs2/2021/ibaizabal/210507_markel_maf_festibala.mp3 Deskargatu hemen.

Honekin lotuak