Atzo Kafe Antzokian egindako agerraldian, helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreko ordezkaritza zabal batek ikasturte berriko matrikulazio-kanpainaren atarian sektorearen estrategikotasuna nabarmendu eta herritarrei euskara eskura dezaten dei egin zieten. Kontseiluaren eskutik egindako agerraldian hitz egin zuten Aize Otaño AEK-ko Nazio Kontseiluko kideak eta Laida Begiristain Maizpideko ordezkariak. Halaber, sektoreko elkarteetako ordezkariak ere izan ziren bertan, besteak beste, Batuz elkarteko Ana Garmendia eta Bilboko Elkarlan euskaltegietako Isa Isazelaia.
Euskaltegien sektoreak eta Kontseiluak, 2022an doakotasunaren aldeko proposamena egin zutela gogoratu zuten, “Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena” izeneko dokumentuan. Geroztik eta, aurtengo maiatzera arte, hainbat proposamen jarri ditu Kontseiluak mahai gainean, alderdi politikoei eta instituzioei arduraz jokatzeko eskatu eta elkarrizketarako eta lankidetzarako borondatea agertu zuten, helduen euskalduntzea politika sendoen bidez indartzeko helburuarekin.
Erronka berrien artean, Euskal Herrira kanpotik iristen diren herritarrak euskalduntzearen beharra azpimarratu zuten euskaltegiek. Hamar urtean 300.000 euskal hiztun berri lortzeko bidean, gogora ekarri zuten gaur egun milaka herritarrek egiten dutela euskara ikasteko hautua, baina oraindik ere milaka gehiago behar direla. Zentzu horretan nabarmendu zuten orain euskaltegietan hasi den iraileko matrikulazio garaiaren garrantzia, eta horretan laguntzeko, sektore guztien bultzada eskatu zuten.
Amaitzeko, euskaltegien sektoretik lanean jarraitzeko eta elkarlanean aritzeko konpromisoa berretsi zuten, euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak lortzeko bidean.
Deskargatu hemen.
