Bilboko San Frantzisko auzoa kolorez, usainez eta mundu osoko zaporez beteko da berriro ere asteburu honetan. Izan ere, Munduko Arrozak herri ekimenak bere 23. edizioa ospatuko du, eta milaka lagun elkartuko dira Mariaren Bihotza plazan aniztasuna, bizikidetza eta auzoaren indarra ospatzeko. Baina Munduko Arrozak ez da arroz lehiaketa hutsa. Urte hauetan guztietan, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako auzoen errealitatea erakusteko, komunitatea ehuntzeko eta aldarri sozialak plazaratzeko gune ere bihurtu da. Aurten, gainera, gerrei ezetz esateko, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko eta bazterketa egoerak salatzeko baliatuko dute hitzordua. 3000 lagun inguru, 110 talde baino gehiago, dozenaka kultura eta jatorri ezberdin, eta auzotik eta auzoarentzat sortutako ekimen autogestionatu bat. Horren guztiaren atzean dagoen filosofiaz, auzoaren egoeraz eta aurtengo edizioaren xehetasunez hitz egiteko gurekin ditugu gaur Munduko Arrozak ekimeneko bi kide: Patxi eta Igel. Gaurkoan gu joan beharrean Mariaren Bihotza plazara antolatzaileak gonbidatu ditugu gurera. Ehunaka sare komunitarioko Patxi eta Igel batu zaizkigu.
Deskargatu hemen.
