Uztailaren 12an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean zortzi euskal herritarren kontrako epaiketa 13/13 auziaren harira, ETArekin harremana eduki izana leporatuta. Euskal presoen abokatuak edo presoen aldeko mugimenduan aritutakoak dira auzipetu guztiak: Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre Arauko, Nerea Redondo Otamendi eta Juan Maria Jauregi. Orotara, 77 espetxe urte eskatzen dizkiete. Auzi honi dagokionez, 2010eko apirilean egindako sarekada batean du oinarri; gaur egun Espainiako Barne ministro den Fernando Grande-Marlaskak agindutako polizia operazioan, hamar lagun atxilotu zituzten, azkenean hamahiru auzipetu zituzten arren. Geroztik 11 urte igaro dira, eta egoera politikoa arras aldatu da.
Auzipetuak adierazi dutenez, prest daude fiskaltzarekin akordio bat egiteko, baina oraindik ez dakitela beste aldean ere horretarako borondaterik egongo ote den. Bestalde, iragarri dute agiria eragile politiko eta sozialei aurkeztuko dietela datozen asteetan, haien aldekotasuna eta sostengua bilatzeko asmoz. Mobilizazioei ere ekingo diete: auzipetuen sorterri eta bizileku diren herrietan mobilizazioak antolatuko dituzte, eta uztailaren 10ean Bilbon eta Donostian egingo dituzte ekitaldi nagusiak.
Deskargatu hemen