Datorren urtean 40 urte beteko dira zoritxarreko uholdeak izan zirenetik. Aste Nagusia bete-betean harrapatu zuen uriolak, jaietako egun handian, hain zuzen ere. 1983ko abuztuaren 26an itsasadarrak gainezka egin zuen eta, Aste Nagusiarekin batera, milaka bilbotarren bizibideak eta ametsak urak eraman zituen. Baina hondamenetik herri baten indarra azaleratu zen: zoritxarrean lagun, adin guztietako bilbotarrak, katiuskak eta palak hartuta, elkarlanean aritu ziren, basa eta hondakinak gure kale, etxe eta dendetatik ateratzen. Uriolak Aste Nagusian suertatu zirenez, konpartsei egokitu zitzaien elkarlan horren antolakuntzan rol garrantzitsua. Une haietan Bilbon zegoen talde antolatu nagusia zirelako. Bilboko Konpartsek 1983an bilbotarrek hondakinak kentzeko eta berreraikitzeko egin zuten balentria gogora ekarriko dute, “Elkarlan Uholdea” izeneko kanpaña bidez. Kanpainak borondatezko eta elkartasunezko lanari balioa emango dio, gaur egungo eta etorkizuneko balio gisa.
“Elkarlan uholdea” ekimenaren abiapuntua da, eta horren lehendabiziko alea gaur aurkeztu dute, 2023ko Bilboko Konpartson egutegia. Beste urteetako ohiko gai koloretsutik atera eta iraganeko zuri-beltzera egin dugu atzera, orduko elkarlan erraldoi hari gorazarre egiteko. Egutegiaren gai nagusia, beraz, 40 urte atzera eginda, uriolen ostean sortutako elkarlan eta elkartasun uholdea izango da. Euskal Museoak eta Bilboko Udal Agiritegiak utzitako argazkiak erabili dituzte eta, herritarrek orduan egindako ahalegin itzela islatzen saiatu dira. Egutegia bi euroan salduko da eta mozkinen erdia Etxaldeko Emakumeak taldearentzat izango da.
Deskargatu hemen.