Artxandako funikularraren historian murgildu gara gaurko saioan. Bilboko udalak doako bisita gidatuak eskaintzen ditu larunbatetan, Miren da bisitak egiten dituena eta funikularraren historia ekarri digu. Lehen bidaia 1915eko urriaren 7an egin zuen. Orduan enpresa pribatu batek kudeatzen zuen zerbitzua. Enpresa honek 1933an porrot egitean, udalak hartu zuen funikularraren kudeaketa. Urteetako ibilbidearen ostean hainbat berrikuntza jasan ditu zerbitzuak. Azken berrikuntza 1984ean egin zen, 1983ko uholdeen ostean alegia. Behin funikularra eraikitzea erabaki ondoren, Bilboko gizartean sekulako eragina izan zuen. Burgesiari begira kasinoa zabaldu zuten, eta baliabide gutxiago zituztenentzat Txakoli jatetxea. Azpiegitura horretan inbertitu zuten enpresariek ikusi zuten funikularrak berekin negozio aukera bat zekarrela, eta hala izan zen. 1936ko gerra lehertu , eta, tropa frankistek Bilbo bonbardatu zutenean, azpiegitura hura erabat txikitu zuten, eta baita kasinoa bera ere. Zerbitzua 1938. urtean berreskuratu zen, eta egurrezko bagoiek gora eta behera jarraitu zuten urte luzez. 1970eko hamarkadara zaharkituta iritsi zen azpiegitura, harik eta 1976an istripu larri batek funikularra ixtera derrigortu zituen arte. 1983ko uztailean zabaldu zen, azpiegitura guztia goitik behera berritu ondoren.
Bisita gidatuak dohainik dira, erreserbak 010 telefonoan egin behar dira.
Deskargatu hemen.