Mundu mailan gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi diren testuinguruan iritsiko da 2026ko Martxoaren 8a. Horren aurrean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak adierazi du arrazoiak soberan dituela beste behin ere kalera ateratzeko, eta nabarmendu du indarkeria eta zapalkuntzak herri eta auzoetan ere errealitate direla.Mugimenduak gogora ekarri du duela astebete Sarrigurenen gizon batek eraildako Tatiana, eta babesa eta elkartasuna adierazi dizkio larri zauritutako beste emakumeari. Halaber, nazioarteko elkartasuna helarazi die borrokan ari diren feministei, besteak beste Palestinan, Venezuelan, Saharan eta Kurdistanen, eta borroka internazionalistaren aldeko aldarria berretsi du.
Adierazi dutenez, egungo testuinguruan noraeza, etsipena eta beldurra nagusitzen ari dira, baina azpimarratu dute ez direla etxean geratuko, isilik eta otzan. Haien ustez, sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistak zapalkuntzak betikotzeko egiturak ditu martxan, eta horiek errealitate materialetan islatzen dira: etxebizitzarako sarbidean, lan prekarioetan, eskubideen aitortzan eta zaintza lanen banaketan, besteak beste.Mobilizazio nagusiak honako hauek izango dira: Donostian 12:00etan Antiguako tuneletik; Baionan 11:00etan Tren geltokitik; Iruñean 12:00etan Antoniuttitik; Gasteizen 12:30ean San Anton plazatik; eta Bilbon 12:00etan Jesusen Bihotzetik. Euskal Herriko beste hainbat herri eta auzotan ere mobilizazioak egingo direla jakinarazi dute, eta bertan parte hartzeko deia luzatu dute.
Deskargatu hemen.

