Euskaltzaleon Martxaren azken txanpan sartuta, larunbat honetan, ekainak 13, Iruñeko kaleak euskaltzalez betetzeko dituzten hiru zutabeetako pankartak eta pregoilariak iragarri ditu Euskalgintzaren Kontseiluak. Pankarta bakoitzak Martxaren hiru aldarrietako bat ordezkatzen du, eta euskal irudigile ezagunek egin dituzte. Bestalde, Kontseiluak ezagutzera eman ditu 17:00etan Runako Parketik, Antoniuttitik eta Askatasun Enparantzatik abiatuko diren zutabe bakoitzaren hasieran pregoiak irakurri eta txupinazoak botako dituzten hiru kolektiboak, gizarte eragiletzatik egiten duten lana aitortu, babestu eta bultatzeko asmoz: Runako Parketik abiatuko den zutabeko pregoia eta txupinazoa ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz mugimenduko kideek botako dute, Baxoa beraien hezkuntza-ibilbide guztia egin duten hizkuntzan, euskaraz, egiteko debekuaren aurrean abiatutako mobilizazio eta desobedientzia dinamikagatik. Antoniutti parketik abiatuko den zutabeko pregoilariak Batuz Aldatu dinamikaren talde eragileko kideak izango dira, euskararen aldeko adostasun soziopolitiko berri bat bultzatzeko egin duten lanarengatik. Izan ere, 2025eko irailean bi urteko elkarrizketa prozesu baten emaitza aurkeztu zuten, Itun soziopolitiko berrirako eskaintza izenburukoa. Talde eragilea gizarte zibileko 11 eragilek osatu dute: AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazioa, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Taupa Mugimendua, Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa. Azkenik, Askatasun Enparantzatik abiatuko den zutabeko pregoia eta txupinazoa euskarazko eduki sortzaileek botako dute, plataforma digitaletan euskarazko ikus-entzunezkoak sortuz euskaldunoi geroz eta beharrezkoago ditugun arnasguneak eskaintzeko egiten duten lana aitortuz.
Deskargatu hemen.
