Argia astekariaren errepasoa egin dugu Maria Ortegarekin kazetariarekin. EHZ jaialdiak 30 urte beteko ditu aurten. Urteurren berezi hori baliatuta, Jenofa Berhokoirigoinek elkarrizketatu du Mattin Olzomendi, festibaleko programazio lantaldeko kidea. Solasaldian, EHZren bilakaera aztertu dute, bereziki musikaren alorrean izan duen eraldaketa, betiere autogestioa ardatz duen jaialdi baten ikuspegitik. Beste urteurren biribil bat ere badugu aurten. Laster ospatuko da Irungo alardea, eta aurtengoa 30. aldia izango da emakumeek bertan parte hartzen dutela. Horren harira, Mikel Garciak Mertxe Tranche historialaria elkarrizketatu du. Hasieratik bertatik alarde parekidearen aldeko mugimenduan aritutakoa da Tranche, eta urte luzez idatzi du bizi izandakoaren inguruan. Elkarrizketan, garai haietako pasarte gogorrak gogoratu eta Irungo zein inguruko hainbat mito ere zalantzan jarri ditu. Eta nazioartera begira, Albania eta turismoaren gaia landu dute. Oraingoan ere Donald Trumpen familia da albiste. Izan ere, Albanian, naturagune babestu batean, luxuzko turismo-gune bat eraikitzeko asmoa dute, eta proiektuak eztabaida handia piztu du.
Deskargatu hemen.

