Durangoko Azokan diskoak baino liburu gehiago saltzen direla onartuta abiatu da Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuru, Durangon ez dagoela zertan diskoa erosi, dendak ere hor baitaude urte osoan. Durangon erostearen derrigortasuna autoekoizpen txikiekin dago soilik, bere iritziz, “gero dendetan egongo ez direnak”. Durangora 120.000 lagun omen datoz, euren gogoz, eta kultura komertziala bultzatzea ez da txarra bere aburuz, gauza asko bultzatzen direlako merkataritza horrekin batera.
Diskoaren gainbera dela eta, euskarri horiek desagertzen direnean zer gertatuko da? Bada, Vendetta taldeak, esaterako, Leña al fuego disko berria euskarri fisikoan eta digital hutsean argitaratu dute, app baten bidez entzun daitekeelako doan. Aizpururen iritziz Euskal Herrian ez dio galerarik eragingo disko fisikoari bide digitalak, baina kanpoan plaza asko zabaltzen ditu norberaren musika sarean egoteak.
Baga-Bigaren beste berritasunak aipatu dizkigu Aizpuruk: Korrontzi eta Bilboko orkesta sinfonikoarekin diskoa grabatu duen Symphonic Bilbon diskoa, Eskean Kristö taldea, Emon, Doctor Deseo… Elkarrizketa honetan, bestalde, management lan profesionalaren beharraz ere mintzatu da Baga-Biga disketxean zeregin hori egiten duen Aizpuru bera.
Joseba Irazokik, berriz, Joseba Irazoki eta lagunak diskoa atera du Bidehuts zigiluarekin, eta Italiarantz abiatu aurretik Durangon izan da, gurekin une batez solasten.