Belako talde mungiarrak Hamen disko berria aurkeztu du gaur eguerdian Bilboko Kafe Antzokian. Taldearen bigarren diskoa ostiralean kaleratuko da eta bere aurkezpenak jakinmin handia piztu du kazetarien artean. Izan ere, 2013an Eurie bilduma argitaratu zutenetik oihartzun handia izan dute, bitarte honetan, besteak beste, Musikaren saria, Ojo Crítico saria eta Rolling Stone aldizkariak 2014ko talderik onenari emandako saria jaso baitituzte.
Autoekoizpena izan da Hamen, Belako records izenpean, argitalpena eta banaketa Mushroom Pillow zigiluarekin egin badute ere. “Kanpora ateratzeko eta banatzeko garaian Mushroom Pillow diskoetxearen laguntza dugu baina artistikoki belako gara, laurok, horregatik sortu dugu zigilua”, azaldu du Lander Zalakain bateria jotzaileak. Diskoaren izenak orainaldiari egiten dion erreferentzia, taldea une gozoan baitago azkenaldion: “Ez dakigu nora goazen, baina orain hamen gaude eta hau da egiten dugun musika”, azaldu dau Josu Billelabeitia taldekideak prentsaurrekoan. Nafarroako Urroz herriko borda batean grabatu zuten, abuztuan, hamabi kantuz osatutako bilduma hau.
Diskoan dagoen euskarazko doinu bakarra, Hegodun baleak kantua, Josuk berak idatzi du, atzerrira emigratu behar duten egungo euskaldun gazteak gogoan hartuta; beste kantu guztiak ingelesez daude eta beraien letrak Cris Lizarraga kantariak eginak dira. Gaur aurkeztutako diskoa osatzen dituzten hainbat doinu jotzen izan dira azkenaldion kontzertuotan eta, diskoa ostiralean dendetan egongo bada ere, abestiok dagoeneko eros daitezke deskarga digitalen plataformen bidez.
Gaurkoa aurkezpen berezia izan da, izan ere, Nomad eta Track sei kantuak jo dituzte zuzenean, hurrenez hurren, diskoaren inguruko jakingarriak eman aurretik eta ondoren. Hona hemen aurkezpenan esandako batzuk, jo dituzten kantuekin tartekatuta.
Deskargatu hemen.