Xabi Aburruzaga gurekin izan dugu. Gaur Aixe-berri konpartsaren txosnan joko du 19:00etan eta irailaren 4an, zeharo bestelako formatoan, Getxo Folk jaialdian izango da, Keltik izeneko disko berria aurkezten. Zeltiar munduko doinuekin jantzi du bere musika, 40 gonbidaturen laguntzaz, izan ere, bere esanetan trikitixa eta zeltiar musika oso ondo uztartzen dira. Joan-etorriko diskoa da Keltik hau, hartu-eman baten ondoriozkoa eta erraz ulertuko dena. Pena du bihotzean Xabik, Kepa Arrizabalagari atzo egindako omenaldian ezin izan zuelako egon, txupinerekin ibili zelako, eta aitortu digu Kepa berarentzat erreferentzia handia izan zela, Rufino Arrolarekin batera, bere hastapenetan.
Trikitixaren bilakaeraz mintzatu da Xabi, eta aitortu digu etxean 33 eskusoinu dituela, munduko bazter askotan bildutakoak, Kepa Baraiazarrari esker behar bezala tonua gordetzen dutenak.
Fakunek, argentinarra izanik, bandoneon soinu nostalgikoarekin alderatu du eta alaiagoa dela dio. Trikiarekin ere tonu nostalgiko horiek ere lor daitezkeela uste du Aburruzagak. Portugaleten triki eskolak ematen ditu Xabik eta belaunaldi berriei begira, gehienbat emakumezko trikitilari ugari datozela esan digu. Etorkizun hurbileko trikitilari tipikoa emakumezkoa izango da beraz.
Deskargatu hemen.