ARGIA astekariaren azken zenbakia errepasatu dugu Maria Ortega kazetariarekin. Azaleko erreportajeak euskararen koofizialtasuna eta babes juridikoa aldarrikatzeko beharra azpimarratzen du. Euskal Konfederazioak manifestazioa antolatu du azaroaren 21ean Baionan, Euskararen garaia da lelopean, eta ia 200 kolektibok bat egin dute deialdiarekin. Erreportajeak jasotzen duenez, prefetak euskarari aitortza eman eta haren erabilera sustatzeko hainbat udal erabakiren aurka egin du. Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua maiz erabiltzen da halako neurriak oztopatzeko. Horregatik, Euskal Konfederazioak babesa eman dio Peio Dufau eta Paul Molac diputatuek Konstituzioa aldatzeko aurkeztutako proposamenari. Aztertu dugun bigarren artikuluak Trappeseko eraso arrazista Frantzian arrazakeria gero eta normalizatuago dagoen testuinguruan kokatzen du. Amaitzeko, Xabier Amenabar EAJko militante historikoari egindako elkarrizketaz aritu gara. Bertan, Amenabarrek bere ibilbideaz eta familiaren memoria abertzaleaz hitz egiten du.
Deskargatu hemen.
