Bilbo Hiria irratiak denboraldi berria aurkeztuko du bihar Kafe Antzokian zuzeneko saio batekin

Bilbo Hiria irratiak ikasturte berriko programazioa aurkeztuko du bihar Kafe Antzokian, zuzeneko saio baten bidez, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Bertan programazioaren xehetasunak emateaz gain saioetako protagonistak izango dira.

Biharko saio berezian gure saioetako protagonistak eta kolaboratzaileak egongo dira, besteak beste,  Artayorran, Berbaz, Eremuz Kanpo, Gaur ez dago eskolarik, Kingston Hiria, Piperpolis, Potto, Soinugela, Xerezaderen artxiboa, Ze eingou asteburuan, Zebrabidea, eta Ibaizabal Magazineko esatariak. Ez dira faltako iaz abiatutako saiok: De mica en mica, Sarean zehar, Zientzialari eta Hizpidea, Hala Bedi bi irratiarekin elkarlanean egiten dugun goizeroko informazio saioa.

Bestetik ikasturte berrian abiatuko diren saio berriak aurkeztuko ditugu, Galizaleak elkartearekin batera Ireki Gaiola saio berria izango dugu, Galiziako eta Euskal Herriko kulturak batuko dituen saioa; iaz abiatutako De mica en mica katalanari gehituko zaio euskaraz eta galizieraz egindako saioa, gurean zinezko GalEusCat irratia lortuta. Plazera Irratia saioa, berriz, Herri zahar andre berri, Donostia 2016k antolatutako jardunaldietan sortutako egitasmoa da. Bertan emakumeen presentzia tradizioan eta praktika kulturaletan aztertu zituzten Jardunaldietan hainbat eragile elkartu ziren, asko Bilboaldekoak, eta bertan sortu zen Plazera irratia egitearen ideia. Itziar Gandarias Deustuko unibertsitateko irakaslea eta emakumeen mundu martxako kidearekin batera asteroko saioa izango da Plazera Irratia.

Gurean bada ere ipuinak, kontakizun laburrak eta luzeak, belarrira  kontatzen dizkigunik: Xerezaderen artxiboa. Mundu osoko idazleen lanei ahotsa ipintzen die, euskaraz, eta edonon eta edonoiz entzuteko moduan. Saio berezia begiak itxita bukatuko dugu, ipuin eder bat entzunez.

Iragan urtean ere hitzordua egin genuen saiogile eta kolaboratzaile guztiak bertatik bertara eta buruz buru ikusteko

Datorren urtean hogei urte izango dira Zenbat Gara elkarteak Bilbo Hiria irratia sortu zuela, Bilboko Kafe Antzokia sortu eta bi urtera, hain zuzen ere. Bilbo Hiria irratia 1997ko udaberrian FM irrati gisa sortu zen 96.0 dialean. Geroztik, 2006ko martxoan webgunea martxan jarri zuen www.bilbohiria.com domeinuan. Duela bi urte, 2014ko uztailean bilbohiria.eus domeinura igaro zen.

Urte hauetan guztiotan gure mikrofonoetatik makina bat lagun ibili da, elkarteri eta erakunderi aukera ezin hobea eskaini diegu beren jardunaren berri eman dezaten. Lan etengabe horren ondorioz, euskararen normalizaziorako tresna garrantzitsu bihurtu da Bilbo Hiria irratia denbora luze honetan.

Hogei urteko ibilbidea aski epe esanguratsua iruditu zaigu, eguneroko lanetatik harago, apur batez gelditu eta gaurdaino egindakoaz eta aurrerantzean egin beharrekoaz gogoeta egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

HIZPIDEA: Arantza Zuluetaren salbuespen egoera salatzeko plataforma sortu dute

ar. Urr 18 , 2016
Cadizeko Puerto III espetxean bi urte eta 10 hilabete darama isolamenduan Arantza Zulueta abokatua. Zigor ziega batean bakarrik, egun osoan ezer egiteko aukerarik gabe. Bakartze hori apurtzeko ez ezik, abokatua berehala kaleratzeko sortu berri dute Arantza askatu plataforma. Arantzarekin gertatzen ari dena salatzeko lagunak eta senideak martxan jarri eta hainbat […]

Honekin lotuak