Egunotan jakin dugu Alfonso Etxegarai Atxirika Euskal Herrira itzuli dela. Plentziarrak 34 urte eman ditu Sao Tome irlan deportaturik, agiririk eta izaera juridikorik gabe, Espainiako gobernuak 1986an Atlantikoko irla urrun hartara eraman zuenez geroztik. Duela bederatzi urte Sagarren denbora filmak Etxegaraik eta haren bikotekide Kristian Etxaluzek osatutako bikotearengana hurbilarazi gintuen. Deportazioak haien bizitzak eta haien arteko harremana noraino baldintzatzen zuen ikusi ahal izan genuen Josu Martinezek eta Txaber Larreategik zuzenduriko dokumentalari esker.
Orain, Etxegarairen deportazioa bukatzearekin, zuzendari bikote berak eta Adabaki ekoizpenak taldea prestatzen ari den Caminho longe dokumentalak Sagarren Denborak airean utzitako istorioaren bukaera ikusiko du, baina era berean, protagonisten bizitzetan zabaltzen ari den aro eta bizimodu berri bati ekitearen erronka ere aurkeztuko zaigu bertan.
Bilboko BIRAn egindako aurkezpenean zuzendari biekin egoteko aukera izan dugu, baita argazki arduradun Hibai Castro eta Adabakiko ekoizpen arduradun Mikel Arredondorekin ere. Filmaketa lanak azarorako amaitzea espero dute eta, muntaketa eta ekoizpen lanen ostean, udaberriarekin dokumentala argitaratzea. Verkami plataformaren bidezko crowdfunding kanpainia jarri dute abian, datozen 40 egunotan filma ekoizteko dirua biltzeko helburuarekin.
Deskargatu hemen.