Euskara ikasten ari diren zortzi ikasleren testigantzak jaso ditugu egunotan Gabriel Aresti euskaltegian. Euskara ikasten zergatik hasi ziren eta zer nolako esperientzia izaten ari den galdetuta, bakoitzak bere eskarmentutik hitz egin digu.
Behe mailetan dabil oraindik Marimar basauriarra, gure lehenengo lekukoa. Langabezian dago eta abagunea aprobetxatu du euskarari ekiteko, asko gustatzen zaiolako. Aitortu digunez, hasieran beldur handia zuen eta orain lasaiago dago, pixkat hitz egiten hasi delako.
Oso esperientzia polita izaten ari da Imma eta Toñirentzat. Imma italiarra da, Napolikoa, eta euskara ikasteak sekulako aldaketa ekarri dio bere bizitzari. Bere esanetan, “lehen, euskara gabe zuri-beltz” ikusten nuen, eta orain, euskarak kolorea eman dio bere ikuspegiari. Toñi, berriz, Bilbotarra da, eta gogoak beti izan zituen arren, duela bi urtera arte ez zuen inoiz aukerarik ikusi euskara ikasteko. Bi urte dira, beraz, “zerotik” abiatu zela eta orain, “C1erako bidean” dago, berak dioen bezala.
Sheila bilbotarra da, txikitan gaztelaniazko ereduan ikasi zuen eta ez zuen euskararik ikasi. Iragan urteko urrian hasi zen ikasten, berak nahi zuelako, ez lanerako beharrezkoa zuelako. PLUS ikastaro trinkoetan dabil, egunero bost ordu klase eta, horrez gain, ostegunero, euskara praktikatzeko jarduerak antolatzen dira ikasleentzat. PLUSetan dabil Cristina ere, Sheila bezala. Lana bilatzeko euskara maila kontuan hartuko ziotelako hasi zen euskaltegian, baina ikasten emandako urtean aldatu da bere ikuspegia eta gogotsu ari da orain ikasten. Berak bere inguruan ez dut norekin mintzatu eta hemen bai, hemen “denbora osoan euskara hitz egiten ari gara”, esan du.
Amaia eta Lon euskaldunzaharrak dira. Lanean eta eguneroko bizitzan maiz erabiltzen dute euskara, baina inoiz ez dute orain arte titulurik atera. Euskara jasoa edo arautua, berbaz zein idatziz hobeto erabiltzen ikasi dute eta administrazioak beren euskara maila ofizialaki egiaztatzea edo aitortzea lortu dute euskaltegian.
Aroak 29 urte ditu, Palentziatik etorri zen Euskal Herrira eta duela bost urte hasi zen euskaltegian, zerotik abiatuta. Erizaina izanik, hasieran bere asmoa B2 ateratzea zen, lanerako. Hori lortuta, ikasten jarraitzea deliberatu zuen, asko gustatzen zitzaiolako konturatuta, eta azkenean C1 ateratzea lortu zuen. Bere esanetan “oso esperientzia ona” izan da euskaltegian euskara ikastea, euskara ikasteaz gain lagun asko egin dituelako.