Negua hasi eta neguko festen ataria da Bilboko San Tomas azoka. Azokan 121 ekoizle eta 215 etxola egon dira aurten, BBK-k eta Bilboko Udalak antolatutako 74. edizioan. Gaur San Nikolasetik egin dugu zuzeneko emankizuna, Bilboko Konpartsek antolatutako gunean. Urtero bezala, agertokia eta txosna jarri dute konpartsek eta, bertan, besteak beste, bertsolariak, dantza plaza, erromeria, indaba eta txerriki banaketa, 2024ko egutegien salmenta eta otzararen zozketa egon dira. Gonbidatu sorta izan dugu, AZET etxebizitza sindikatuko kideekin hasita. Badira urte batzuk AZETek etxebizitza mugimenduak etxebizitzaren auzia lehen planoan jarri duela eta, pisu turistikoen harira, kanpaina egin eta gida berria argitaratu du, “pisu turistikoen kontra, auzo antolakuntza” lelopean. Bilbon %35 igo da horien kopurua azkenaldion, bereziki alde zaharrean eta San Frantziskon, eta gai horren inguruko azalpenak eman dizkigute. Bestalde, Bilbobuseko langileek grebari eutsi diote San Tomasen eta 30 eguneko lanuzteak deitu dituzte. Langileen batzarrak mobilizazioen egutegia onartu zuen atzo, bi urte adostu gabe daramatzan hitzarmena ez negoziatzeagatik. Gurean izan dira autobus gidariak, lan gatazkaren inguruko azalpenak ematen. Amaitzeko, San Tomas azokan postuetako ekoizleekin berba egiteko aukera izan dugu eta haien hitzak ekarri ditugu gure mikrofonoetara.
Deskargatu hemen.