Brittany Howard Alabama Shakes taldearen buru izan zen eta aspalditxo dabil bere bide oparo eta joria jorratzen. Oraingoan What Now diskoa kaleratu du eta horren harira ekarriko dugu beti gustura entzuten dugun artista. Euskal Herrira buelta eginda, Gariren azken diskoarekin topo egin dugu. Behin Bizitzea diskoak giro bereziez eta artistak ohikoa ez duen baikortasunez bustita dator. Disko biribila iruditzen zaigu, Gariren ibilbide bikainaren beste urrats garrantzitsu bat. Sonic Youth taldean ibilitako Kim Gordon musikariak ere disko berria dakar, The Collective. Bere bakarkako bigarren diskoa da eta soinu industrial eta ilunak hautatu ditu esperientzia barnerakoia eskaintzeko. Rudiger izenaren atzean Felix Buff daukagu, Willis Drummond taldeko baterijolea da eta horretaz gainera beste hainbat proiektutan ibilitakoa dugu. Bere bakarkako bigarren diskoa kaleratu du orain gutxi, The Dancing King. Soinu organiko eta digitalen arteko uztardura erakargarria lortu du diskoak dituen 9 abestietan. Lali Puna talde alemaniarra aspaldi entzun gabe geunden orain dela gutxi disko zaharretan kuxkuxeatzen jarri arte. Hor agertu zen Facking The Books disko gogoangarria eta orain arte, oker ez bagabiltza, atera duten azkena, 2012ko Being Water izenekoa. Eta bukatzeko Smile taldea ekarri dugu, euren Wall of Eyes diskoan lasaitasuna da aurkitzen dudana, disko barnerakoia gaurko saioari agur esateko.
Deskargatu hemen.