GUKA mugimenduak Bilbon martxan den “erdalduntze makina” aurkeztu du. Infografia baten bidez, GUKAk Bilbon euskaraz bizi nahi duenak helburu hori eragozteko topatzen dituen oztopoak eta erdararen aldeko eragileak irudikatu ditu, makinaria oso baten mekanismoak bailiran. Bilbon euskaraz bizitzeko asmoa zuen pertsona, hasieran “Euskaraz bizi nahi dut” asmoa zuena, azkenean, prozesu eta eragin horiek guztiak jasan ondoren, erdaraz “pero no puedo” (“baina ezin dut”) esanez ateratzen da makinatik. GUKAk, alegiazko makina horren bidez, irudikatu nahi izan du 24 orduz etengabe martxan dagoen sistema bat, non euskararen erabilera oztopatzen den eta, aldi berean, gaztelaniaren nagusitasuna bermatzen den. Horren aurrean, Gukak ohar baten bidez azaldu duenez, “Makina guztiek daukate, ordea, itzaltzeko botoi bat, eta ardurak dituztenei dagokie neurriak hartzea, euskararen alde egingo badute”. Zentzu horretan, GUKAtik “ekiteko garaia” dela adierazi dute, “inertziaz martxan dauden mekanismoak” alde batera utzi eta euskararen aldekoak aktibatu beharra dagoela aldarrikatu dute, “Bilbo berri bat etor dadin, euskaraz biziko den Bilbo bat”, azaldu dute GUKAtik.
Deskargatu hemen.


