Ekuadorretik etorritako kitxua hiztun taldea hurbildu zaigu irratira, Garabide elkartearen eskutik. Hizkuntzaren biziberritze lanetan dabiltzan ekintzaileak dira, euskaldunon esperientziatik ikasi nahi dutenak eta, besteak beste, Bilbon egin dute geldialdi bat, Zenbat Garan zer eta nola egiten den ikasteko. Garabideko Joanes Igeregik azaldu dizkigu talde honen nondik-norakoak, quechua eta kitxua artean dauden ezberdintasunez jardun dugu eta haien asmoak zeintzuk diren azaldu digu. Ondoren, euretako bakoitzak bere burua aurkeztu du, kitxueraz eta zer egiten duten azaldu dute. Imbaburako hiriburuan, Ibarra hirian, Kichwakamak Sisariy eta AJKI Kichwa elkarteetako kideak dira.
Horren ostean, beste bisitari batzuk azaldu zaizkigu, kasu honetan kontinente beraren ipar partetik, izan ere, Kanadako cree hiztunak diren Kass eta Darren hurbildu dira irratira, Urtzi Urrutikoetxearen eskutik. Zehatzako, Métis edo mestizoa den gizatalde bateko kideak dira, europarren eta bertakoen arteko nahasketa batetik abiatutako gizataldea. Urtzik azaldu digunez, larru-merkatari europarren eta bertakoen arteko nahasketatik sortu ziren Métis taldeak, eta oso kultura berezia dute. Kass ikasten-irakasten ari da eta Métis gizarte horiek Michif hizkuntza ezberdinak garatu zituztela azaldu digu, frantsesaren eta creeren artean, euskaldunek Mikmak indigenekin harremanetan euskal-mikmak pidgin edo tarteko hizkuntza garatu zuten moduan. Darren hizkuntzalaria dugu, eta Kanadako bertako hizkuntzen garapenerako CILLDI institutuan lan egiten du.
Deskargatu hemen.

