ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba orokor arrakastatsua aurreikusten dute martxoaren 17rako

ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek agerraldi egin dute martxoaren 17rako deitutako greba orokorraren atarian. Bertan adierazi dutenez, jasotako babes zabala ikusita, mobilizazioa arrakastatsua izango dela aurreikusten dute. Sindikatuek azaldu dutenez, grebaren aldeko atxikimendua oso zabala izan da: guztira, 1.750 enpresa komitek eta pertsonal batzordek egin dute bat deialdiarekin. Horrez gain, 100 eragile sozial baino gehiagok ere babestu dute mobilizazioa, besteak beste gazte, ikasle, eragile ekologista, antirrazista, feminista eta pentsiodunen kolektiboek. Lantokietan egindako batzarretan ere babesa handia izan da. Besteak beste, grebaren aldeko botoa eman dute CAF Beasain eta Irun, Biele Azpeitia, Torraspapel Leitza, Indar Beasain, Arcelor Bergara, Fagor Elektronika Arrasate, Irizar Ormaiztegi, hainbat ikastola eta udaletan, besteak beste. Sindikatuek aurreikusten dute datozen orduetan enpresa gehiagok bat egingo dutela deialdiarekin. Grebaren bidez, gutxieneko soldata propioa ezartzea eta soldatak hobetzea eskatuko dute. Horrez gain, mobilizazioa gerraren aurkako eta justizia sozialaren aldeko aldarrikapenekin ere lotu dute. Sindikatuen arabera, bizi-kostuaren garestitzea areagotu da nazioarteko gatazken ondorioz, eta horri aurre egiteko neurriak aldarrikatuko dituzte: aberastasuna banatzea, soldatak igotzea eta lanbidearteko gutxieneko soldata hemen erabakitzea. Sindikatuek azaldu dutenez, gutxieneko soldata propioa lortzeko aukerak zabalik daude. Eragile politiko eta sozialekin egindako errondaren ondoren ondorioztatu dute akordio intersektorial bat posible dela. Horren harira, patronalarekin beste bi bilera dituzte hitzartuta: martxoaren 24an Confebaskekin eta martxoaren 25ean Nafarroako CEN patronalarekin. Eragile politikoen jarrerei dagokienez, sindikatuek kritikatu dute EAJk, PSEk eta PSNk eztabaida eragozteko jarrera izatea, eta balioan jarri dute EH Bilduk eta Geroa Baik gaiari buruzko eztabaida instituzionala ireki izana. Bilboko mobilizazioak Greba egunean goizaldeko 05:00etatik aurrera piketeak egingo dituzte. Bilbon, eguerdiko mobilizazio nagusia 12:30ean abiatuko da Plaza Eliptikotik. Aurretik hainbat zutabe aterako dira 11:30ean ondoko lekuetatik: Zabalburu
Deustu, La Salve – Alameda Rekalde, Udaletxea. Arratsaldean, berriz, manifestazio nagusia 18:00etan abiatuko da Diputaziotik. Sindikatuek dei egin diete langileei eta herritarrei grebarekin eta mobilizazioekin bat egiteko. Haien esanetan, parte-hartze zabalak lagundu egingo du patronalarekiko negoziazioan indar harremana aldatzen eta gutxieneko soldata propio baten aldeko bidea indartzen.

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

LANAREN EKONOMIA: Soldatak igotzearen aldeko greba orokorra Euskal Herrian

al. Mar 16 , 2026
Martxoaren 17ko Greba Orokorrera begira jarri gara Lanaren Ekonomian, eguneko lau hiriburuetako deialdiak agenda sindikala zabaldu eta gero, Endika Alabort CNT sindikatuko eta Lanaren Ekonomia lantaldeko kidearekin berba egin dugu, biharko deialdi propio eta aldarrikapen zehatzen inguruan. Roser Espelt ELA sindikatuko Azterketa Bulegoko eta Lanaren Ekonomia lantaldeko kidean txanda izan […]

Honekin lotuak