“Ez ginen atzera egiteko jaio.Faxismoaren aurren feminismoa!” lelopean kalera ateratzeko deia egin dute

Bilbo Feminista Saretzen (BFS) plataformak herritarrei dei egin die asteazkenean, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguneko manifestazioan parte hartzera. Aurten, eskuin muturraren eta diskurtso erreakzionarioen aurkako erantzuna jarriko du mobilizazioaren erdigunean. Plataformak adierazi du ideologia erreakzionarioek emakumeen eta sexu- eta genero-disidenteen aurkako egiturazko indarkeria hauspotzen dutela. Halaber, salatu du eskuin muturrak indarkeria matxista baliatzen duela pertsona migratuen aurkako gorrotoa sustatzeko, eta diskurtso horiek komunitatea zatitzen dutela, arrazakeria, transfobia eta euskarafobia elikatuz.

BFSren arabera, aurten bost emakume hil dituzte Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz, eta manifestazioan gogoan izango dituzte. Sexu-erasoen aurrean autodefentsa feminista aldarrikatuko dute, eta indarkeria instituzionala eta berbiktimizazioa salatuko dituzte, bereziki emakume migratu eta arrazializatuengan duten eragina. Erakundeei zerbitzu publikoak indartzeko eta politika feministak sustatzeko eskatuko die plataformak. Zehazki, Deustu-San Inazioko eta Errekaldeko modulu psikosozialak zabalik mantentzeko galdegingo die. Auzoetatik eta mugimendu feministatik sortutako arreta integraleko zerbitzuak direla nabarmendu du. Etxebizitza eskubidea ere aldarrikatuko dute. Plataformak gogora ekarri ditu erasotzailearekin bizitzen jarraitu behar duten emakumeak, bikotekide ohiek eragindako etxegabetzeak eta alokairuan ezartzen diren irizpide arrazistak. Etxebizitzaren aldeko greba orokorrari segida emanez, eskubide hori ikuspegi feministatik defendatzen jarraituko duela adierazi du BFSk.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Honekin lotuak