Kontrakulturaren eta autogestioaren eremuan ezinbesteko erreferentea izan da DDT Banaketak azken hamarkadetan. 1989an sortu zenetik, diskoak, liburuak eta bestelako material kritikoa argitaratu eta zabaltzeaz gain, kontzertuak, aurkezpenak eta topagune politikoak sustatu ditu, merkatuaren logiketatik kanpo jarduten duten proiektu ugariri bide emanez. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den ekimen kolektibo honek hasierako balioei eutsi die: independentzia, elkartasuna eta kultura kritikoaren aldeko konpromisoa. Orain, beste pauso garrantzitsu baten atarian dago kolektiboa. Martzanako lokala atzean utzi eta Bilbo Zaharreko Bilbira lekualdatuko da, bertan liburu eta disko denda berria sortzeko asmoz. Espazio berria errealitate bihurtzeko, ordea, komunitatearen babesa behar dute: 75.000 euroko diru-bilketa abiatu dute lokala erosi eta egokitzeko. “Denon artean DDT berria” lelopean, jabetza kolektiboaren aldeko apustua berretsi nahi dute, eta Bilbon kontrakulturarentzako erreferentziazko gune politikoa izaten jarraitu. Erronka honen aurrean, kolektiboaren ibilbideaz, egungo testuinguruaz eta etorkizuneko asmoez hitz egin dugu Iñigorekin.
Deskargatu hemen.

