Behatokiak aurkeztutako 2025eko Hizkuntza Eskubideen Egoera txostenaren arabera, euskararen erabilerarekin lotutako urraketek zerbitzu publikoen kalitatea eta herritarren ongizatea kaltetzen dituzte. Euskararen Telefonoak 2025ean 984 intzidentzia jaso zituen, horietatik 883 kexa izan ziren, eta Behatokiak ohartarazi du kasu horiek eguneroko errealitatearen zati txiki bat baino ez direla. Txostenak azpimarratzen du administrazio publikoetan, justizia sisteman, osasungintzan eta hezkuntzan oraindik oztopo handiak daudela euskaraz aritzeko, askotan lege betebehar argirik ez dagoelako edo dauden neurriak ez direlako behar bezala betetzen. Bereziki kezkagarria da osasun zerbitzuetan eta larrialdi egoeretan euskaraz artatua izateko zailtasunak, herritarren segurtasunean eta arretaren kalitatean eragina dutelako.
Deskargatu hemen.

