Elkarlanean, Korrikaren azken kilometroak uhinen bidez

Igandean, Korrikaren amaieran, saio berezia egingo dugu elkarlanean Naiz Irratia, Bizkaia Irratia, 97 Irratia eta Bilbo Hiria Irratia-rekin batera. Beste behin ere, Korrikak auzolanean eta elkarlanean batuko gaitu, uhinen bidez azken kilometro hunkigarrien berri emateko. 12:30ean iritsiko da Korrika Bilboko Udaletxera. AEK-ko kideen eskutik helduko da lekukoa, eta jarraian mezuaren egileak barruan daraman mezua irakurriko du. Orduan jakingo dugu, beraz, eskuz esku eta kilometroz kilometro Atharratzetik Bilbora heldu den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea nor den, eta, noski, baita mezuak zer dioen ere. Goizeko 08:00etan abiatuko dugu saioa, eta 13:30ak arte zuzenean ariko gara, kilometroz kilometroko kontakizuna eginez. Bilboko Udaletxean bertan izango dugu set nagusia, eta hainbat gonbidatu pasako dira bertatik: antzerkigile gazteak Libe Estebaranz, Josu Iriarte eta Maider Mulone izango ditugu; Errigora-ko lagunak; Euskararen Kontseilua-ko idazkari nagusi Idurre Eskisabel; eduki sortzaile euskaldunak; Taupa Mugimendua-ko Irati Iciar eta Goiatz Urkijo; Mikel Ayllon idazlea; Bilboko konpartsak, Abante Konpartsa, Hau pittu Konpartsa eta Argara Konpartsa; baita GUKA Mugimendua ere, besteak beste.

Esatari lanetan Oinatz Aizpuru, Gontzal Galán eta Ane Zabala arituko dira.

Kalean Naiz irratia, Bilbo Hiria irratia, 97 irratia eta Bizkaia irratiko kazetariak kilometroz kilometro kontaketa egiten ibiliko dira. Hainbat ahots batuko zaizkigu saiora.

Saioa amaitzeko, mezularia eta AEK-ko arduradunak izango ditugu gurekin.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

BEHIALAKO EGUN BATEZ: Lourdes Iriondo

ol. Mar 27 , 2026
Gaurkoa lako egun batez sortu zen Lourdes Iriondo Mujika euskal kantaria (Donostia, 1937ko martxoaren 27a- Urnieta, 2005eko abenduaren 27a). Urnietan bizi izan zen txikitatik. “Ez Dok Amairu” taldearen kidea izan zen hasieratik. Xabier Lete kantari ezagunarekin ezkondu zen. Abeslari moduan izan zen ezaguna batez ere, baina idazlan batzuk ere argitaratu […]

Honekin lotuak