Gaurko saioan intimitatera eta atmosferetara egingo dugu bidaia, doluaren ertzetik elektronika dantzagarri eta esperimentalagoetaraino, beti ere irudi indartsuz eta soinu zainduz jositako kantuak aukeratuta. Lehen geltokia Iban Martin izango da, Zaurietan Lore bere lehen bakarkako lan onirikoarekin; lau abestiko EP honetan aitaren heriotzaren doluak ematen dio zentzua kantu guztiei, eta gitarra eta ahots biluzien gainean, akordeoiaren eta bateriaren ukitu sotilek argi izpi batzuk baino ez, galeraren erdian edertasun apur bat topatzeko premiaz ari balitz bezala. Ondoren Kanadara egingo dugu salto, Meltt taldearen Pathways disko berria entzuteko. Rock psikodeliko eta dream-poparen arteko erdibidean kokatzen den lan honek gitarra uhinak, sintetizadore distiratsuak eta perkusio geruzatuak uztartzen ditu, espazio zabaleko soinu-paisaia sortuz. Giro horretatik, Boards Of Canada taldearen mundu propio eta misteriotsura igaroko gara, Inferno lan berriarekin. Talde eskoziarrak ohiko ambient elektroniko analogikoa eta lo-fi ukitu hipnotikoak areagotzen ditu hemen. Diskoa entzunaldi bakoitzean geruza berriak erakusten dituen horietakoa da. Handik gertuago, Bertzesfer taldearen izen bereko lehen diskoa entzungo dugu. Andoaingo hirukoteak gitarra eta ahotsetan oinarritutako rock ilun eta atmosferikoa egiten du, baxu sakon eta bateria malgu batez lagunduta; euskarazko letra existentzialistek, egunerokoaren zulo eta zirrikituek eta soinuen artean uzten duten isiluneak ematen diote diskoari berezko dramatismoa. Ondoren, gauaren erdigune elektronikora joko dugu Tiga dj eta ekoizlearen Hotlife diskoarekin. Montrealgo artistak bere lehen lan luzea ekarri du hamarkada baten ostean, house eta techno melodiko dantzagarria electro kutsu klasikoarekin nahastuz. Etxerako bidean, Mugan taldearen Bizitza Ozen Denean I izango dugu lagun. Rock garaikide eta melodiatsuaren aldeko apustua egiten duen talde honek bizitzeko gogoari, eguneroko zaratari eta lagunarteko uneei abesten die, gitarra melodiko eta erritmo sendoen gainean. Amaitzeko, My New Band Believe proiektuaren izen bereko diskoan sartuko gara, azkenaldian gehien harritu gaituen estreinaldietako batean. Folk akustiko hipnotikoa, gitarra-joko bizia eta pop panoramikoaren egitura zabalak nahasten dira.
Deskargatu hemen.
