Bertsotan goiz batean ikasiko duten esperantzak bultzatuta, urtero hurbiltzen dira hainbat euskara ikasle, eta kuxkuxero ALGARA konpartsaren txosnara. Horietako bi elkarrizketatu ditugu: Leire Mardaras laukiztarra eta Tony Merlan kubatarra. Tonyren herrian ere badira bertsolarien antzekoak, repentistak, eta bere amak zaletasun hori du. Euskara zaila eta bertsolaritza are zailagoa dela uste du berak, baina gustoko bidean aldaparik ez dagoela ere uste du. Leirek, berriz, beti izan du inguruan zaletasun hori, baina gaurkoan hainbat gauza ikasi ditu: teknika nagusiak, errima, neurriak, doinuak, gaiak… Ezagutzen ez dutenentzat lehen hurbilketa modukoak dira ALGARA konpartsan urtero antolatzen diren bertso saio didaktiko hauek.
Ondoren, irakasle-bertsolariekin ere mintzatu gara, Jone Uria eta Nerea Elustondo, saio hauek nolakoak izaten diren azaltzen. Aste Nagusi betean egon arren, bertsolarigaiak bikain aritu direla esan digute.
Entzun: