Fermin Etxegoien bere liburu berria aurkezten ari da egunotan azokan: Eutsiko diogu? (Sorkuntzaren profesional autonomoak, etorkizunaz). Galdera bakarreko 12 elkarrizketa egin ditu, berriz kazetaritza erregistrora bueltatuta. Erein argitaletxeak krisian oinarritutako liburua elkarrizketa koralean eta beste modu batez antolatu du, banan-banan eta arlo kulturalera mugatuta.
We shall overcome kantuaren euskarazko moldapena prestatu zuen Ferminek, Garik kantatzeko eta horren gainean planteatu du liburuaren galdera. Bertan, galdera hedatzen da eremu zabalagoak hartzen: hizkuntzak, herriak, gizateriak… eutsiko dio? Izan ere, Etxegoienen aburuz elkar lotuta dauden eta elkarri eragiten dioten krisiak dira horiek.
Sorkuntzaren euskal profesional autonomoak dira liburuan elkarrizketatuak: Ander Lipus, Estitxu Eizagirre, Luistxo Fernandez, Mari Añes Gorostiaga, Eñaut Elorrieta, Miren Amuriza, Hedoi Etxarte, Maider Unda, Iban Arantzabal, Maia Eder Kurutxet, Miren Agur Meabe, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga.