Lehengo astean aurtengo Aste Nagusiko txupinera eta pregoilaria aurkeztu zituen Bilboko Jai Batzorde mistoak. Txupinera Gisèle Felli Gorritxo izango da, Komantxe konpartsako kidea, eta pregoilaria Patxo Telleria aktore eta antzerkigile bilbotarra. Gisèle iaz elkarrizketatu genuen, Komantxe konpartsako kide moduan, eta Patxo, berriz, 80. hamarkadaren erdialdera hasi zen antzerki eta telebistako aktore lanak egiten. Antzezlanak idatzi ditu baita telebistarako eta zinemarako gidoiak ere. Bere karrera osoan zehar sari asko jaso ditu eta, iaz, Bilboko Udalak Euskararen Nazioarteko Egunean, Mikel Martinezekin batera, egindako lanagatik omenaldi bat eskaini zion.