Gaurtik igandera, urriaren 6ra, Azkuna Zentroak atzo Donostian amaitutako Jaialdiaren film aukera-sorta bat hartuko du. Proiektatuko diren filmen artean, edizio honetan saritutako bi daude: José Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregiren La trinchera infinita filma, zuzendaritzarik onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu duena; eta Ken Loach zuzendari txalotuaren Sorry we Missed you, ikusleek Europako filmik onenari emandako saria irabazi duena.
Egunotan jakin dugu Alfonso Etxegarai Atxirika Euskal Herrira itzuli dela. Plentziarrak 34 urte eman ditu Sao Tome irlan deportaturik, agiririk eta izaera juridikorik gabe, Espainiako gobernuak 1986an Atlantikoko irla urrun hartara eraman zuenez geroztik. Duela bederatzi urte Sagarren denbora filmak Etxegaraik eta haren bikotekide Kristian Etxaluzek osatutako bikotearengana hurbilarazi gintuen. […]