Elhuyar Zientzia Azoka: gazteen jakin-mina eta jakintza Bilboko bihotzean

Ez da ohiko erakusketa, eta ez da lehiaketa bat. Ez da soilik esperimentu xelebreen desfile bat, Elhuyar Zientzia Azoka beste zerbait da: gazteen jakin-mina plazara ateratzeko gonbita da, zientzia eta teknologiaren mundua lehen pertsonan bizitzeko aukera paregabea. 150 bat talde, 640 ikasle baino gehiago, Euskal Herriko 60 ikastetxetatik.

Gasteizko Olabide Ikastolako Maialen, June eta Maren izan dira gurean. Janariaren xahuketak sortzen dien kezkatik abiatuta, sagarren oxidazioaren inguruko ikerketa bat egin dute. Horretarako, sagarrak hainbat likidorekin kontaktuan jarri dituzte, eta ikusi dute limoia dela oxidazioa saihesteko eraginkorrena.

Leitzako institutuko hiru ikasle, Aingeru, Adur eta Irati, iritsi dira Elhuyar Zientzia Azokara, Aldatzetik, Atallutik eta Goizuetatik, hurrenez hurren. Batxilergoko ikasleak dira, eta institutuan antibiotikoen eta onddoen arteko harremana ikertu dute, bereziki antibiotikoekiko erresistentzia garatzen duten bakterioei erreparatuta.

Klima aldaketarekiko kezkatik abiatuta, Aixerrota institutuko lau ikasle algortarrek —Mikel, Xabi, Antxon eta Gaizka— ikerketa bat garatu dute, landareek estres egoera ezberdinen aurrean duten bizirauteko gaitasuna aztertzeko. Emaitzen arabera, klima aldaketak eragin handia du landareen erresistentzian.

Santurtziko Kantauri BHIko ikasleak dira Aritz, Mikele, Alba eta Izaro, talde handiago baten ordezkari. Taldeko batzuek bioplastikoaren garapena izan dute ikergai, ingurumenari kalte gutxiago eragiteko helburuarekin. Almidoia izan dute oinarri, eta horretarako arrozarekin, dilistekin, sagarrarekin, yucarekin eta patatekin esperimentatu dute. Azken bi horiekin lortu dute plastikoaren antzeko ezaugarriak dituen material biodegradagarri bat sortzea.

Solokoetxeko institutuko Aimar eta Eneko etorri dira ondoren, sakelakoa kargatzen duen bizikleta estatikoa aurkeztu dute.

June eta Izadi Lauaxeta ikastolatik datoz, “Izum” ikerketarekin. Satelite batek emandako datuen bidez, izpi ultramoreek Lurra nola jotzen duten aztertu dituzte, ozono geruza nola dagoen eta Antartidan klima nola aldatu den.

Laudioko institutuko Edurne, Irati eta Maider izan dira gurean, kombucharen inguruan egin duten ikerketa aurkezteko. Asiako jatorria duen tea itxurako edari hartzitu hau oinarri hartuta, plastikoaren antzeko material bat sortzen saiatzen ari dira.

Nahia eta Aimar Galdakaoko Elexalde institututik datoz eta olatu tanke bat sortu dute uhinek sortzen duten energia aztertzeko, behar bezala argindarra bihurtu ahal izanez gero oso-oso erabilgarria izan daitekeela esan digute.

Gorka, Alejandro, Mikel eta Danel Colegio Vizcayako ikasleak dira, eta zigarrokinak lurrera botatzearen ingurumen-inpaktua aztertu dute. Bereziki, nikotinak landareengan duen eragina aztergai izan dute: kolorean aldaketak eragiten ditu eta biziraupenean ere eragin zuzena du. Lau lorontzitan egin dute esperimentua, bakoitzean zigarrokin kopuru ezberdinak erabilita. Azkenean, lorontzi bakarreko landareak baino ez zuen biziraun.

saioa osoa deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Turistifikazioa asteon ARGIA astekarian

ol. Mai 30 , 2025
ARGIA astekariaren errepasoa egin dugu Gorka Peñagarikanorekin. Azalean, turistifikazioa. Erreportaje sakona egin dute; izan ere, jardunaldi batzuk egin ziren apirilean Bartzelonan, eta mundu mailako zonalde turistikoenetan eredu horren aurka ari diren herritar taldeak elkartu ziren bertan. Barrualdean, Mikel Ayestanari elkarrizketa. Palestinaren gaineko liburua argitaratu du eta hori izan dute mintzagai. […]

Honekin lotuak