Ia sei hamarkadaz Euskal Herriko plazak eta bihotzak kantuz bete dituzten bi ahots izango ditugu gurean: Pantxoa eta Peio. 1960ko hamarkadaren amaieran abiatu zuten bidea, eta ordutik, kantua borrokarako, memoriarako eta transmisiorako tresna bihurtu dute, belaunaldiz belaunaldi iraun duten kantuak sortuz. “Lepoan hartu ta segi aurrera”, “Itziarren semea” edo “Azken dantza” bezalako piezek herri oso baten historia eta sentimenduak jaso dituzte. Orain, urte luzez oholtzetatik aparte egon ondoren, azken bira bati ekingo diote, agur kontziente eta duin bat emateko. Bost geldialdi izango dira, baina ez edonolakoak: esanahi berezia duten tokiak aukeratu dituzte, eta lehenengo hitzordua hemen izango da, Santutxun, maiatzaren 9an. Auzoa ez da kasualitatea: iraganeko kantaldi jendetsuen oroitzapena bizirik dute, eta herri ekimenak izan duen indarra nabarmendu nahi izan dute berriz ere. Horregatik gurekin ditugu, Santutxuko bi lagun ere, garai bateko eta gaur egungo antolakuntzaren lekuko: Marian Fernandez, 1976ko Karmelo Ikastolako hamabostaldi kulturaleko sustatzaileetako bat, eta Tasio Erkizia, orduan zein gaur egun kultur dinamikan buru-belarri aritutakoa eta aurkezpenik behar ez duen laguna. Azken bira hau ez da soilik agur bat: eskertza keinu bat ere bada, debekuen eta arriskuen gainetik kantaldiak posible egin zituzten guztientzat; eta, aldi berean, etorkizunerako gonbita, belaunaldi berriek kantuan jarrai dezaten. Solasaldi ederra izan dugu, atzoko kontuak baina gaur eguneko ausnarketa interesgarriak ekarri dizkigute.
Deskargatu hemen.

