Eraikinetan eta hiri-espazioan zentratuta, bero-boladen inpaktua minimizatzeko egokitzapen-soluzioen eraginkortasuna ebaluatzea du helburu EHUren, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren eta Extremadurako Unibertsitatearen proiektu batek (Evaluación de la efectividad de soluciones de adaptación para minimizar el impacto de las olas de calor: edificios y espacio urbano). Proiektu honek eraikinetan zein hiri-espazioan egokitzapen neurrien edo soluzioen eraginkortasuna neurtzen du; neurtu eta ebaluatu, ebaluaketa jasangarrien sistema jarraituz (MIVES metodologia). Eraikinen ezaugarriak eta eraikinek ingurune hurbilarekin duten harremana aztertzen dute. Azterketa horri esker, eraikinetan hobekuntzak planteatu daitezke, azpiegitura berdeak diseinatu edota estrategia pasiboak garatu beroa apaltzeko (zuhaitzak, teilatuetan edo fatxadetan kubierta begetalak, kaleetan itzala emateko lonak, bide-zoruetan edo teilatuetan material islatzaileak…). Azken batean, beroaldi handietan hiri-espazioek duten erantzuna hobetzeko xedea du proiektuak. Proiektu honen ikertzaile nagusia Leire Garmendia Arrieta dugu, EHUko SAREN ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia izanik. Gaurkoan, Bilbo bezalako hiri batek, eraikuntza arloan bero-boladei aurre egiteko dituen aukerak eta erronkak aztertu ditugu berarekin.
Eraikuntza-ingeniaritza arloko irakasle titularra da Leire Garmendia, ingeniari industriala, gerora masterrak eta doktoretza egindakoa. TECNALIAko Eraikuntza Iraunkorreko Dibisioan ikerlari gisa ibili da, hiri-birgaitzearen arloan, eta 2013an Bilboko Ingeniaritza Eskolan hasi zen irakasle gisa. Eraikuntzen patologian espezializatuta, hainbat ikerketa proiektutan parte hartu du, bere ikerketa arloa eraikuntza sektorean dago eta, bertan, eraikuntzak berak dituen eta baita klima aldaketak eraikinetan eragiten dituen arriskuak aztertu ditu.

