Arriaga Antzokiak eta Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioak bat egin dute aurten ekimen berezi batean: Arriaga 200 egitasmoan. 2026ko urtarrilean konpositore bilbotarraren heriotzaren 200. urteurrena beteko da, eta, horren harira, ondarea, antzerkia eta musika uztartzen dituen programa zabala prestatu dute. Ibilbide antzeztuen bidez, publikoak Arriaga Antzokia barrutik ezagutzeko aukera izango du, ohiko bisitetatik harago: agertokia, kamerinoak eta bestelako espazio enblematikoak zeharkatuz, Koldo Olabarri eta Ainhoa Etxebarria aktoreen eskutik. Baina esperientzia ez da horretan bakarrik geratzen: bidean zehar, Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioko 38 ikasle gaztek joko dute zuzenean, Arriagaren musika eta haren garaikideen piezak interpretatuz. Hezkuntza, transmisioa eta zuzeneko esperientzia artistikoa erdigunean jartzen dituen ekimena da, eta horri buruz hitz egiteko, gaur gurekin dugu Oier Etxaburu Arriaga Kontserbatorioko irakaslea, egitasmo honen barrutik nola landu den azalduko diguna.
Deskargatu hemen.

