MUSIBLA #230: Maskak, Neu Troia, RTZ kolektiboa, Monday Potions, Look Terrified, Bullion, Libe

Lapurdi eta Behe Nafarroa arteko muga horretan sortutako taldea da Maskak. Aurretik Kakolak proiektuarekin bertsioetan eta ibili ostean, oraingo honetan, formazioa pixka bat egokitu eta lotsa guztiak albora utzita, kantu propioez osatutako lehen lana kaleratu dute. Popa nabaria da beren sorkuntzetan eta eragin dieten taldeen artean aipatu dituzte halakoak, baina rock mundutik datoz eta ez da distortsiorik falta haien doinuetan. Teklatuek hard rock unibertsora ere eramaten gaituzte maiz. Euren estreinako diskoak Buruz buru du izena. Giro ameslari zein malenkoniatsua dakar Neu Troia izenaren atzean dagoen lagun taldeak. Gitarra akustikoaren soinutik abiatuz, Indie jostalari eta barnerakoia proposatu dute 2024ean kaleratutako Arriskuaren Xarma izeneko lehen lan luzean. Petri, OPH, Frel Asiat eta TLM. Horiek dira RTZ kolektiboa osatzen duten lau “raplariak”. Rap, drill eta boombap estiloko zazpi kantuz osatua den Konkista EPa argitara eman dute 2024 honetan. Euskaraz dira kantu gehienak, frantseseko zati batzuekin. Rap mugimendu modernoaren parte gisa kokatzen dute Konkista diskoa sortzaileek: «rap eskola berria ordezkatzen du», azaldu dute haien aurkezpen dosierrean. Kantuek hainbat gai sozial zein politiko jorratzen dituzte. Monday Potions izeneko proiektu berria aurkezten genuen aurreko saioan. Ekaitz Hernandez (Split77 eta Sonic Trash) eta Eneko Peña musikariek euren indarrak bildu eta talentu handiz egindako pop retroa eta sofistikatua eskaintzen dute euren abestietan. Aurki kaleratuko dute euren lehenengo grabazio luzea, New Age Hokum izenarekin eta horren aurrerapena entzungo dugu. Look Terrified taldearekin jarraituko dugu. Aurreko bizitza batean, Motel Carnation izenez ezagun ziren baina aurten izen berri batekin, itxura berri batekin eta barrutik atsegin sentitzeko modu berri batekin datoz zerbait zirraragarri eskaintzeko. Keep You Right izena jarri diote bi abestiko grabazio berriari. Bullion proiktuaren buru Nathan Jenkins dago, musika elektronikoaren kultuko figura. Erresuma Batuko azpikulturan sakontzen duen ekoizle eta konpositorea da. Bere azken diskoak Affection du izena. Gasteizko Neubat taldean hasi zuen bere ibilbidea Libe Garcia de Kortazarrek. Sorkun eta Ekon-en partaide izan da eta Izaki Gardenak taldearekin bi disko argitaratu ditu. Hala ere, bere kantu propioak lantzeko denbora ere aurkitu du eta horretan ibili da isilpean azken urteotan. Ihesaldi handia izenarekin kaleratu du azken grabazioa. Bertan denetarik topa daiteke, baina barnerakoitasuna gailentzen da. Bidaia gozo batzuetan, lakarra bestetan, horixe aurkituko duzu diskoko abesti bikainetan.

Deskargatu hemen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Algara konpartsak 30 urte bete ditu #AsteNagusia

az. Ira 4 , 2024
Algara konpartsak 30 urte bete ditu Aste Nagusian, konpartsakideekin sorreraz eta helburuez solastatzeko aprobetxatu dugu. Liher, Jabi eta Isa batu zaizkigu. Algara konpartsaren ibilbi9dean jai herrikoi eta euskaldunak izate izan duen garrantzia azpimarratu dute. Gabriel Aresti euskaltegiak duela 30 urte ezinbestekoa ikusi zuen gune euskaldun bat sortzea, gaur egun ere […]

Honekin lotuak