Gaurko saioan, lehenik eta behin, Jeff Tweedy izango dugu. Wilco taldeko buruak bere bakarkako bosgarren lana argitaratu du: Twilight Override. Hiru zatitan banatutako disko bikoitza da, 30 abesti jasotzen ditu! Garai hauetan oso ezohikoa. Melodia eta soinu gordinak, introspekzioa eta argi izpi txikiak ageri dira lan honetako abestietan; iluntasunari argia jartzeko helburuarekin sortu du euren esanetan. Ondoren, Juan Carlos Perez-en Hau Berua! ekarriko dugu gogora. Mutrikuarrak 2006an kaleratu zuen diskoa da hau, rock, blues eta pop ukituekin apaindua, eta euskal musikaren historian mugarri diren diskoen artean kokatu daiteke. Hirugarrenik, Maite Larburu musikariaren Maizter diskotik bi abesti entzungo ditugu. 2025ean argitaratua, musikalki folk, pop eta euskal doinuekin jolasten duen lana da; literaturatik eta emozio intimoetatik abiatuta osatzen du bere estilo pertsonala. Portugal The Man-en Chris Black Changed My Life izango dugu jarraian. Portlandetik mundura zabaldu den talde honek 2023ko albuma Chris Black lagun eta oso kidetzat izan zutenari eskaini zioten, erritmo eta melodia indartsuekin, indie rock eta elektronikaren arteko mugan jolastuz. Eneritz Furyak-en “Argia” eta “Felis katua” entzun ahal izango ditugu gero. Azken hau, Nerea Arrien-ekin batera grabatua. Bere kanta eta proiektuetan estilo esperimentala nagusitzen da, gehien bat azken lanetan. Hitzek indar handia hartzen dute. Ondoren, Wishy taldearen Triple Seven diskoa iritsiko da. Proiektu honek grunge eta power-pop ukituak nahasten ditu, eta auto-aurkikuntza eta emozioari buruzko abestiak eskaintzen dizkigu. Azkenik, entzungai izango dugu Acto Messie artista, “Takit” abestiarekin. Elektronika eta raparen arteko bideak jorratzen ditu soinu ausart eta berritzaileekin.
Deskargatu hemen.

