Zirgarien lana guztiz lotuta egon zen itsasadarrari. Itsasbehera zegoenean edo handiegiak zirenean, itsasontziak ezin ziren Bilbo barruraino sartu eta Olabeagan edo beste nonbait lotu behar zituzten. Orduan karga gabarretan sartu eta zirgariek Areatza ondoko kaietaraino eramaten zituzten. Zirgariek itsasadarraren ertzetik bultzatuz garraiatzen zituzten gabarrak, buruan lotzen zituzten soka batzuen bidez. […]

Bilbon tradizio luzea daukan garraiabidea dugu tranbia. Lehenengo tranbia 1872an hasi zen ibiltzen eta Areetaraino heltzen zen. Lau urte geroago, 1876an, meategien ustiaketak eta industriaren gorakadak Ezkerraldeko lehenengo linea ekarri zuten. Tranbia hark Bilbo eta Santurtzi lotzen zituen.

Bilbo sortu baino hamar urte lehenago, Bizkaiko Jaurerriak hiru hiri baino ez zituen: Balmaseda, Otxandio eta Bermeo. Garai hartan Bermeo zen Bizkaiko portu nagusia. Geroztik, 1290. urtean, Durango eta Ermua hiriak sortu ziren, eta Bilbo sortu baino urte bat lehenago, 1299an, Plentziak bere hiri gutuna eskuratu zuen.

1300. urtean hiri gutuna jaso baino lehen, Bilbo ibaiaren bi aldeetara hedatzen zen herri txiki bat besterik ez zen. Uste denez, ibaiaren eskuinaldean arrrantzaleak eta marinelak bizi ziren. Bilboko portu txiki hartara, dirudienez, Done Jakuera bidean zihoazen erromes asko iristen ziren eta, hori dela eta, eliza txiki bat eraiki zuten […]