BILBAOTIK EUSKAL HERRIRA (2. atala): Pierre de Lancre eta Euskal Herria

Pierre de Lancre epailea XVI. mendean jaio zen. Frantziako epaile zorrotz eta krudelenetako bat izan zen jende askorekin. Lapurdiko herritarrekin ere oso krudela izan zen, sorginkeria zela-eta bertan egin ziren epaiketetan.

Enrike IV.a erregeak Lapurdira bidali zuen Pierre de Lancre sorginkeria kasuak ikertzera, eta honek zorrozki bete zituen erregearen agindu guztiak eta hirurogei bat emakume hilarazi zituen, sorginak zirela argudiatuta. Orduko hura dugu, zalantzarik gabe, Euskal Herrian arlo honetan inoiz egin den triskantzarik handiena.

Baionara iritsi bezain laster somatu zuen Pierre de Lancrek lurralde hura oso gustukoa izango zutela sorginek. Hona hemen nola deskribatu zuen Euskal Herriaz hartu zuen irudi kaskar eta beldurgarria:

– Ipar Euskal Herria Europako sorginkeriaren lurraldea da. Satanek berak aukeratutako lurraldea dela esan daiteke. Askatasun handia du deabruak hemen bere batzarretan denetariko gaiztakeriak egiteko.

Gure hizkuntzaz ere utzi zigun testigantzarik. Dirudienez, ez zitzaion oso hizkuntza egokia iruditu kristauentzat. Honela definitu zuen berak euskara:

– Hizkuntza arraro eta ezezagun batean mintzatzen dira. Hauxe da lehenengo seinale txarra.

Baina hizkuntza ez ezik, jendearen lanbideak ere deskribatu zituen Lancre epaileak:

– Jende asko bizi da, baina lurra ez da emankorra, eta lapurtarrek nahiago dute arrantzatik bizi, nekazaritzatik baino. Euskaldunak nekazari kaxkarrak eta eskulangile txarrak dira. Uda osoa Kanadan nahiz Ternua aldean ematen dute arrantzan. Gero, neguan, etxera itzultzen dira denak. Arrantzatik lortzen duten diru apurra berehala gastatzen dute jaten eta edaten; eta arrantzara itzuli behar dutenean, ez dute batere dirurik edukitzen. Eta hantxe uzten dituzte beren emazte eta seme-alabak, miseriarik gorrienean.

Euskaldunen identitateaz ere zerbait idatzi zuen Pierre de Lancre epaile krudelak. Honela:

– Ez dira ez frantsesak, ez espainolak; ez dute, bada, beren aberria maite eta ohituren aurrean guztiz axolagabe agertzen dira.

Euskaldunon izaera eta gure ohitura sozial asko ere ez ziren haren gustukoak gertatu. Entzun, bestela, aipamen labur hau:

– Espiritu aristokratikoa dute. Pobreenak badira ere, etxeko jaun-andretzat hartzen dute beren burua. Gehiago dena: beren abizena baztertu –baita emazteak senarrarena ere–, eta etxearena hartzen dute, ezezagun izatea nahi izango balute bezala, deabruari komeni zaiona, hain juxtu ere.

Dena den, deskribapen gordin eta gogorrena Euskal Herriko emakumeei buruz egin zuen Pierre de Lancre epaileak:

– Emakume euskaldunak probokatzaileak dira, eta beren janzkera eta orrazkera ez dira dezenteak. Udan askotan egiten dute igeri; oso gustukoa dute hori eta, jakina, jolas zikinak egiteko ere aprobetxatzen dute. Gainera, sagarzale amorratuak dira; sagarrak eta berauen zukuak sarritan hartzen dituzte. Zalantzarik gabe, emakume euskaldunak Adamen semeak seduzitzen dituzten Evak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

BILBAOTIK EUSKAL HERRIRA (3. atala): Matalas

al. Ots 6 , 2006
Bernard Goienetxe zuen izena, baina Historia liburuen orrialdeetara Matalas ezizenaz igaro zen. Matalas apaiza zuberotarra zen, Mithikilekoa, eta berak Zuberoako herritar xeheen eskubideen defentsan egindako altxamenduak garrantzi handia izan zuen.

Honekin lotuak