Bernard Goienetxe zuen izena, baina Historia liburuen orrialdeetara Matalas ezizenaz igaro zen. Matalas apaiza zuberotarra zen, Mithikilekoa, eta berak Zuberoako herritar xeheen eskubideen defentsan egindako altxamenduak garrantzi handia izan zuen.
Frantziako erregeek botere ikaragarri handia eskuratu zuten XVII. mendean. Monarkiaren itzala lurralde guztietara hedatu zen, Richelieuko kardinala 1624an agintera iritsi zenez geroztik, batez ere.
Zuberoako zuzenbide zaharrak argiro esaten zuen bertako lur asko alodioak zirela, hau da, herri lurrak zirela, jaun eta nagusirik gabekoak. Lurrak ez ziren, beraz, inorenak, guztienak baizik, eta, hortaz, edonork baliatu ahal zituen bere probetxurako.
Hala ere, Luis XIV.ak lege baten bidez herri lur guztiak bere jabegora pasarazi zituen, geroztik jauntxoei saldu ahal izateko eta, era horretan, monarkiaren ogasunaren arazoak konpontzeko. Jakina, Zuberoako nekazari xumeek ez zuten onartu erregearen erabakia eta 1661ean agindu haren aurka altxatu ziren, Matalas apaiza buru zutela.
Nekazari matxinatuek, Maule hiriburua izan ezik, Zuberoa osoa hartu zuten. Zergak ordaintzeari utzi zioten eta abadeei egiten zitzaizkien emaitzak debekatu zituzten. Eraso gehienak erregearen izenean zetozen zerga biltzaileei eta Mauleko merkatariei egin zizkieten, berauek janariak ezkutuan pilatzen zituztelako.
Frantziako erregearen erantzuna guztiz bortitza izan zen. Soldadu mordoa bidali zuen Zuberoara, bertako nekazarien altxamendua zapaltzera. Azkenean, erregearen soldaduek Sohütako lautadan garaitu zituzten zuberotarrak 1661eko urriaren 12an.
Matalas apaiza atxilo hartu zuten eta biharamunean lepoa moztu zioten. Nekazarien artean izua zabaldu nahian, haren burua Mauleko gazteluko atean zintzilikatu zuten.
Hil aurretik, hitz batzuk esan omen zituen Matalasek, bere borrokaren zioak azalduz. Hitz horiexek dira, hain zuzen ere, herriak belaunaldiz belaunaldi gorde dituenak eta Benito Lertxundik harako kantu hartan bildu zituenak.