Yolanda Jubeto eta Joseba Barandiaran, krisiaz eztabaidan asteartean

Bi ekonomialari buruz buru ariko dira maiatzaren 19an Bilboko Kafe Antzokian, Jakin aldizkariak antolatuta, azkenaldiko krisi ekonomikoaren sustraiak eta irtenbideak aztertu asmoz. Kapitalismoaren krisiaren aurrean zer egin? galdetuko diegu. Zer datorkigun, este batera, TTIP merkataritza hitzarmen transatlantiko berriarekin. Kapitalismoak ba ote duen alternatibarik. Alternatiba balego, barnean edo kanpoan ote dagoen. Nolakoa litzatekeen. Eta gerturago etorrita, Euskal Herrian ze indargune eta ahulgune ditugun krisi eta eredu horri aurre egin eta jasangarriago eta solidarioago izango den sistema ekonomiko eta sozial bat garatzeko. Bi ekonomialari, bi begirada, bi aditu eta aritu. Ekitaldia asteartean 19:30ean izango da Kafe Antzokiko goiko solairuan eta sarrera librea izango da.

Yolanda Jubeto ekonomian doktore da eta EHUn eta UEUn irakasle. Ekonomia aplikatuan jarduten du, eta bereziki generoaren begirada txertatzea du helburua ekonomiaren aplikazio horretan. Ekonomia feministarekin eta nazioarteko ekonomiarekin loturiko irakasgaiak ematen ditu. Ikerketa andana du argitaratua. “Ekonomia ortodoxoak dio norbanakoaren interesak direla funtsezkoak, horiek defendatuz lortzen dela guztion interesak defendatzea, eta oso autonomoak garela, gainera. Feminismoak kontrakoa erakutsi du: jaiotzen garenetik hil arte besteen beharra dugula; zein ahul garen bakarka, baina zein indar ematen digun taldeak, eta guk taldeari, onerako zein txarrerako. Kapitalismoak hainbeste bultzatzen duen planteamendu indibidualista apurtu eta komunitate baten kide izateak ematen duen indarraz ohartarazi du. Balio horiek izugarrizko garrantzia izango dute etorkizunean. Gu batera itzuli behar dugu; nigan pentsatu ordez gugan pentsatzera.”

Joseba Barandiaran ekonomialaria da. EHUn lizentziatu eta gero, ikasketak egin ditu AEBn, Frantzian eta Espainian. 1998tik BBVA finantza erakundean egiten du lan. Ekonomiaren gaineko artikulu-egile ere bada, eta euskarazko hedabideen alorrean analista arras ezaguna. “Gure txikian, lidergo eta egitura politiko nazional sendorik ez dugu. Beraz, behetik gorako herri mugimenduen indar eta gaitasunean dago, egotekotan, biharko euskal ekonomiaren gakoetako bat, ‘euskal’ horri gagozkiolarik, ‘ekonomiari’ bainoago. Tokiko monetek, gertuko nekazarien kontsumo taldeek, kooperatibek, hezkuntza praktika eta borondatezko lankidetza eta barne-elkartasunak garrantzi handia izan dezakete.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

PIPERPOLIS: Umore azoka Leioan

al. Mai 18 , 2015
Betaurreko handiak jantzita Leioako kale artisten azokan barrena joan gara gaurko saioan. Umore azokak 16. edizioa du aurtengoa, 170 emanalditik gora osatuko dute egitaraua, bertako artistak, kanpokoak eta urrunekoak izango dira. Denak musu truk, bera pipa paketea eskuan egitarauaren errepaso ederra egin dugu. Zirkua, dantza, antzerki fisikoa, clown-a… asko dira […]

Honekin lotuak